Ekonomia -
Higiezinen merkatua
Zer da Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea?
Finantza-erakundeek beren bezeroen interes-tasa aldakorreko hipotekei aplikatu beharreko interes-tasa eguneratzeko azken urteetan erabili izan duten adierazle ofizialetako bat da.
eitb.eus
Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea (HMEI) finantza-erakundeek beren bezeroen interes-tasa aldakorreko hipotekei aplikatu beharreko interes-tasa eguneratzeko azken urteetan erabili izan duten adierazle ofizialetako bat da. Kalkulua Espainiako Bankuak berak egiten du.
2008an adierazle hori ospetsu egin zen, Euriborrak markak hautsi baitzituen. Egun, Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea justiziaren susmopean dago; izan ere, aurtengo urte bukaerarako edo 2020ko hasierarako indize horren gardentasunaren inguruko Europar Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiko ebazpena espero da.
2012ko apirilera arte, hiru modalitate zeuden:
IRPH-Kutxak: aurrezki-kutxek etxebizitza librea erosteko emandako hiru urtetik gorako hipoteka-maileguen batez besteko tasa.
IRPH-Bankuak: bankuek etxebizitza librea erosteko emandako hiru urtetik gorako hipoteka-maileguen batez besteko tasa.
IRPH-Erakundeak: kreditu-erakundeen multzoak emandako hiru urtetik gorako hipoteka-maileguen batez besteko tasa.
Nola kalkulatzen da
Kalkulua Espainiako Bankuak berak egiten zuen, kreditu-erakundeen eragiketen gardentasunari eta bezeroen babesari buruzko 8/1990 Zirkularra aldatzen zuen Espainiako Bankuaren uztailaren 22ko 5/1994 Zirkularraren VII. eranskinean ezarritako preskripzioen arabera.
Batetik, aurrezki-kutxek, bankuek edo kreditu-erakundeek, hurrenez hurren, IRPH motaren arabera, hilabete horretan hasi edo berritu zituzten etxebizitza librea erosteko hiru urteko edo urte gehiagoko eperako hipoteken batez besteko interes-tasa haztatuak batzen ziren.Ondoren, emaitzazko kopurua zatitu egiten zen informazioa bidali zuten (hori ere IRPH modalitatearen arabera) aurrezki-kutxa, banku eta kreditu-erakundeen kopuruarekin.Hiru IRPH horiek ofizialak al dira?
Hiru IRPH motak erreferentziazko interes-tasa ofizialak izan ziren 2012ko apirilaren 29ra arte. Espainiako Bankuak interes-tasa eguneratua argitaratzen zuen hilero Estatuko Aldizkari Ofizialean, Espainiako Bankuaren Estatistika Aldizkarian eta Banku Bezeroaren Atarian.
Banku-zerbitzuen gardentasunari eta bezeroen babesari buruzko urriaren 28ko EHA/2899/2011 Agindua indarrean sartu zenean IRPH-Erakundeak indizeak bakarrik jarraitu zuen ofiziala izaten. IRPH-Bankuak eta IRPH-Kutxak, (CECA izena zuen aurrezki-kutxen erreferentziazko interes-tasa aktiboarekin batera), ez ziren gehiago erabili ondoren formalizatutako hipoteka-eragiketetan. Hala ere, data horren aurretik sinatutako hipoteketan erabiltzen jarraitu ziren modu iragankorrean, interes-tasa horiek ordeztu behar zituen indizea onartzen zen bitartean.
Horrenbestez, 2013ko azaroaren 1etik aurrera, IRPH-Kutxak, IRPH-Bankuak eta CECA desagertu egin ziren.
Zer indizerekin ordeztu behar da nire hipotekaren IRPH?
Zure hipotekak desagertutako interes-tasa horietako bat baldin badu, honako indize hauek aplikatuko dizkizute:
Lehenik, kontratuan bertan espresuki ordezko gisa agertzen dena.
Kontratuak ez badu adierazten espresuki ordezkoa izango den interes-tasa, edo adierazten dena desagertu den horietako bat (IRPH-Kutxak, IRPH-Bankuak edo CECA) bada, IRPH-Erakundeak indizea erabili behar dute. Indize horri desagertutako interes-tasaren eta IRPH-Erakundeak indizearen arteko aldaketen batez besteko aritmetikoaren baliokidea den diferentzial bat aplikatu behar zaio. Hipoteka-kontratuaren dataren eta interes-tasa aldatzeko dataren artean eskura dauden datuekin kalkulatzen da kopuru hori.
Ordezteko interes-tasaren erregulazioa, ekintzaileei eta beren nazioartekotzeari laguntzeko, irailaren 27ko 14/2013 Legearen hamabosgarren xedapen gehigarrian dago bilduta.
Nola jakin dezaket IRPH-Erakundeak indizearen balioa?
Espainiako Bankuak hilero argitaratzen du indizea eguneratuta bere webgunean eta Espainiako Aldizkari Ofizialean.
Non lor dezaket informazio gehiago?Informazio gehiago nahi baduzu, Kontsumobideren Lurralde Zerbitzuetara joan zaitezke, honako bulego hauetara: Araba, Bizkaia edo Gipuzkoa.