Ekonomia -

Bigarren greba eguna

Sei hegaldi bertan behera Loiun, Iberiako eta British Airwayseko greben ondorioz

Hain zuzen ere, lau hegaldi British Airwayseko lanuzteen ondorioz geratu dira bertan behera, eta beste biak, Iberiakoen ondorioz.

Bilboko Aireportua. Irudia: EFE
Bilboko Aireportua.
Bilboko Aireportua. Irudia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sei hegaldi bertan behera geratu dira gaur Loiuko aireportuan (Bizkaia), Iberiako lurreko zerbitzuetako eta British Airways konpainiako pilotuek deitutako greben ondorioz. Hain zuzen ere, lau hegaldi British Airwayseko lanuzteen ondorioz geratu dira bertan behera, eta beste biak, Iberiakoen ondorioz.

Iberia Aiport Services enpresan lurreko zerbitzuez arduratzen diren langileek 24 orduko greba eguna dute gaur, astelehena. UGTk deitu du lanuztea, enpresak langile gehiago kontrata ditzan lan-zamari aurre egiteko, eta etenik ez duen behin-behinekotasunarekin amaitzeko enplegu plan berria egin dezan.

Udan hamaika lanuzte deitu eta mobilizazio ugari egin ostean, igande eta astelehenerako 24 orduko lanuzteak mantentzea erabaki zuten beharginek, enpresak Loiuko aireportuko lan-gatazka konpontzeko egindako azken eskaintza "nahikoa ez" delako, sindikatuaren iritzian.

Europa Press albiste agentziak jasotako Aena eta Iberiako informazioen arabera, British Airways konpainiako pilotuen grebaren ondorioz, Londres eta Bilbo arteko 10:35eko zein Bilbo eta Londres arteko 12:00etako hegaldiak bertan behera gelditu dira. 17:05eko (Bilbo-Londres) zein 18:40ko (Londres-Bilbo) hegaldiak ere bertan behera geldituko dira.

Loiuko aireportuan lan egiten duten Iberiako lurreko langileen grebaren ondorioz, berriz, bi hegaldi gelditu dira bertan behera: Madrildik lehen orduan (07:30) abiatzekoa zen hegaldia eta Bilbotik Madrilera 08:15ean atera behar zena.

Iberiako langileek "gehiegizko lan-zama, ezegonkortasun eza eta behin-behinekotasuna" salatu dute.

Bestalde, Sustapen Ministerioak ezarritako gutxieneko zerbitzuak kritikatu dituzte berriro, % 80 eta % 90 artekoak baitira, beharginen esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bizkaia Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak