Ekonomia -
Lan gatazka
Bi hegaldi bertan behera Loiun, lurreko langileen greba tarteko
Gainera, grebak atzerapenak eragin ditu beste lau hegalditan. Lanuztearen jarraipena % 60-70 ingurukoa izan dela azpimarratu du UGTk. Astelehen honetan greba egingo dute berriro.
Agentziak | Erredakzioa
Arratsaldean abiatzekoak eta heltzekoak ziren bi hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte Loiuko aireportuan, Iberiako lurreko langileen 24 orduko greba tarteko. Gainera, atzerapenak eragin ditu beste lau hegalditan. UGT sindikatuak deitu zuen iganderako lanuztea.
Horrela, 16:00etan Barajasko aireportutik abiatzekoa zen hegaldi bat eta 17:45ean Bilbotik aireratu behar zuen beste bat bertan behera geratu dira. Aurrenak ordubete geroago lur hartu behar zuen Loiun, eta bigarrenak 18:55 aldera Madrilen. Hegazkin berak egin behar zituen loturak.
Gainera, grebak atzerapenak eragin ditu Bilbo-Bartzelona, Bilbo-Madril, Bilbo-Sevilla eta Bilbo-Londres goizeko hegaldietan. 15-20 minutuko atzerapenarekin aireratu dira.
UGTko iturriek zehaztu dutenez, grebaren jarraipena % 60-70 ingurukoa izan da. 270 langile deituta zeuden greba egitera.
Beharginen erantzunarekin pozik agertu da sindikatua, eta "ia % 80-90eko" gutxieneko zerbitzuak inposatu izana salatu du.
Iberia enpresako Bilboko langileek igandean zein astelehenean 24 orduko greba egitea adostu zuten batzarrean aho batez iragan ostiralean, Loiuko aireportuaren "problematika" konpontzeko enpresak aurkeztutako azken eskaintza "nahikoa ez" zela iritzita.
Bitartekaritza iragan asteartean hasi zela jakinarazi du UGTk, eta datorren astean enpresarekin berriz biltzea espero dute. Era berean, enpresak "jarrera horrekin jarraituz gero", langileek lanuzteekin aurrera jarraituko dutela nabarmendu du sindikatuak.
"Gehiegizko lan kargak, lanpostuen egonkortasun eza, prekarietatea eta estresa" salatu dituzte beharginek, "lan egutegi onartezinak direlako eta horiek, gainera, ez direlako betetzen".
Bestalde, familia eta lan-bizitza bateratzeko txandak antolatzea eskatzen diote enpresari. Lanuzteak bertan behera utzi ahal izateko "gutxienekoa" aldarrikatzen ari direla azpimarratu du UGTk: behin-behineko beharginei bi orduko lanaldia bermatzea, "batzuetan ordubete lan egiteko deitzen dituztelako".
Astelehen honetan 24 orduko greba berri bat egitera deitu dituzte Iberiako langileak, eta aireportuko hallean elkarretaratzea egingo dute 14:00ak aldera.