Ekonomia -
Lan-gatazka
ELAk hilabeteko greba deitu du Gipuzkoako zahar-etxeetan
Lanuzteak irailaren 19tik urriaren 18ra izango dira. ELAk Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera salatu du eta gogora ekarri du lan-hitzarmenak bi urte daramatzala blokeatuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ELA sindikatuak hilabeteko greba deitu du Gipuzkako zahar-etxeetan. Lanuzteak irailaren 19tik urriaren 18ra bitartean egingo dituzte. Lan-baldintzak hobetzen ez badira, greba luzatzeko prest agertu dira.
Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileek eta ELAko ordezkariek asanbladan erabaki dute grebara jotzea berriro. Dagoeneko 88 greba-egun egin dituzte.
ELAk Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera gogor kritikatu du. Zahar-etxeen kudeaketa "enpresari lagunei" ematen diela eta "prekarietatea, ezberdintasunak eta soldata-arrakala" bultzatzen duela salatu du.
Halaber, sindikatuak esan du lan-hitzarmenak bi urte baino gehiago daramatzala blokeatuta eta Aldundiak "bere esku zegoen guztia" egin zuela ELAk Adegi eta Matia 2020 patronalekin lortu zuen akordioa "zapuzteko". Ildo berean, Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak alde guztiekin deitu zuen bilerara Aldundiko ordezkaririk joan ez zela kritikatu du.
Bestalde, sindikatuaren esanetan, Markel Olano ahaldun nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak aurreratu zuten uztaileko negoziazio mahaian "aurrerapausoak" egongo zirela; patronalek, aldiz, urtarriletik "ezer berririk" ez zegoela esan zuten.
"Epaitegietako eta polizia-etxeetako langileek zein Tabakalerako liburutegiko beharginek beren helburuak lortu dituzte, hilabeteko greba egin ostean. Gu ere amaierara arte iritsiko gara", adierazi du ELAk.