Ekonomia -
Langabezia
Langabezia abuztuan % 2,65 igo da EAEn eta % 0,26 Nafarroan
147.161 langabe daude Hego Euskal Herrian. Azken urtean % 6,09ko igoera izan da EAEn eta % 4,84koa Nafarroan. Espainiar Estatuan, abuztuko igoerarik handiena izan da 2010tik.
Agentziak | Erredakzioa
Abuztuan Euskal Autonomia Erkidegoko lan zerbitzu publikoetan uztailean baino 2.994 langabe gehiago daude erregistratuta. % 2,65eko igoeraren ostean, 116.078 langabe daude guztira.
Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak argitaratutako datuen arabera, 2018ko abuztuarekin alderatuta, 7.528 langabe gutxiago daude EAEn. Beraz, azken urtean % 6,09ko jaitsiera izan da. Espainiar Estatuan (% 3,65) baino handiagoa izan da jaitsiera.
Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu duenez, abuztuan datu "txarra" izan den arren, urte osoko eboluzioa ona da, eta gainera, luzaroko langabeen datuetan "oso eboluzio positiboa" izan da, 687 pertsona irten direlako langabeen zerrendetatik.
Artozalabalentzat, ekonomia "aukerak ematen ari da pertsona kronifikatuenei, arrisku gehien dutenei eta ahulenei".
"Abuztua oporraldietako hilabetea den arren, urte osoko tendentzia positiboa da, eta guztion artean bultzatzen jarraituko behar dugu, formazio hobearekin eta gure gizarte osoaren konpromisoarekin: enpresak, gizartea eta erakundeak", azpimarratu du.
Abuztuko kontratu mugagabeen portzentajea aurreko hilabetean baino 0,5 puntu gutxiagokoa izan zen, eta 0,7koa txikiagoa iazko abuztuarekin konparatuta. Kontratu mota hauen metatua 53.238koa da, iaz baino % 6,38 gutxiago.
Manufaktura industriak, ostalaritza, merkataritza eta hezkuntza dira abuztuan gehien gutxitzen diren sekzioak. Urte osoko eboluzioan osasungintzaren, gizarte zerbitzuen, hezkuntzaren eta aktibitate zientifiko eta teknikoen datu ona da nabermangarria.
Nafarroako Foru Erkidegoan enplegu bulegoetan erregistratutako langabezia % 0,26 (81 pertsona) igo da abuztuan.
31.083 langabe daude Nafarroan. Orain dela urte bateko datuekin konparatuta, 1.581 langabe gutxiago daude, hau da, % 4,84 gutxiago.
Espainiar Estatu osoan, 54.371 langabe gehiago daude, uztaileko datuekin alderatuta. Abuztuko hilabetean izan den igoerarik altuena da 2010etik. Guztira, 3.065.804 langabe daude. Azken urtean, 116.264 gehiago dira.
Abuztuko igoera 2018ko hilabete berekoa (47.047) eta 2017koa (46.400) baino altuagoa da, eta batez ere, 2016 (14.435), 2015 (21.679) eta 2014ko (8.070) abuztuetakoak baino altuagoa.