Ekonomia -
Polemika
Palestinako agintariek presio Espainiari, CAFek Jerusalemgo tranbia egin ez dezan
Beasaingo enpresari ohartarazi diote hiri santuan lan egiten badu ondorio legal eta komertzialak izan ditzakeela mundu mailan.
EITB.EUS
Palestinako agintariak Espainiako Gobernuarekin harremanetan jarri dira Beasaingo CAF enpresak Jerusalemgo tranbia luzatzeko kontratua eskuratu eta hiru astera. Palestina Askatzeko Erakundearen helburua da presio egitea, CAFek atzera egin eta egitasmoan parte hartu ez dezan.
Mikel Ayestaran EiTBko kazetaria Ramala izan da Nasser Qudwa Palestinako Atzerri ministro eta NBEko enbaxadore ohiarekin. Goi diplomazialariak azaldu dionez, "Espainiako Gobernuak CAFi Jerusalemgo egoera azaltzea eta neurri legalak hartzea nahi dugu".
CAFi Beolia enpresa frantsesarekin gertatutakoa gogorarazi dio Qudwak, tranbiaren lehen linea egiteko lehiaketa irabazi ondoren, azkenean Jerusalemdik atera behar izan zen nazioarteko presioak eraginda.
Espainiako Gobernuarekin abiatutako hartu-emanak fruiturik ematen ez badu, Palestinako agintariek prest dute hurrengo urratsa: "Herrialde lagunei, besteak beste, herrialde arabiarrei, konpainiarekin lan ez egiteko deia egingo diegu".
Abuztu hasieran iragarri zuen CAFek Saphir eraikuntza-enpresarekin osatutako TransJerusalem J-Net Ltd kontsortzioak irabazi zela Jerusalemgo tren arinaren 2. linea egiteko lehiaketa, 1.800 milioi euroan. Lanok egiteko, baina, Palestinako lurrak desjabetu beharko dituzte, eta horrek sekulako polemika sortu du nazioartean. Egoera horren aurrean, nazioarteko legezkotasuna urratzen duten lanetan parte hartzearen aurka azaldu zen CAF Beasain enpresako langileen batzordea.