Ekonomia -
Lizitazio prozesua
Bilbo-Santander tren linea berria eraikitzea aztertzen ari da Sustapen Ministerioa
Helburua da linea horrek bidaiarientzako zein merkantziarako trenak edukitzea. Gainera, Castro Urdialesen eta Laredon geltoki komertzialak izatea aztertuko dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilbo eta Santander lotuko dituen tren linea berrirako zirriborroa abian da dagoeneko, Sustapen Ministerioak zerbitzuen kontraturako lizitazio prozesua hasi baitu. Zerbitzu berri horrekin bidaiaren iraupena murriztu nahi dute, baita linea horren lehiakortasuna hobetu ere.
Sustapen Ministerioak ohar baten bidez jakinarazi duenez, 1,73 milioi euroko lizitazio aurrekontua du kontratuak, eta 24 hilabeteko epean eraiki beharko dute tren linea berria, nahiz eta beharrizanen arabera, epe hori luzatzeko aukera izango duten.
Lan horiek egiten dituzten bitartean, ibilbide ezberdinak aztertuko dituzte.
Helburua da linea horrek bidaiarientzako zein merkantziarako trenak edukitzea. Gainera, Castro Urdialesen eta Laredon geltoki komertzialak izatea aztertuko dute. Horrekin lortu nahi dutena da Bilbo eta Santander arteko lotura errepidez baino azkarragoa izatea.
Kontratua hiru fasetan banatuko dute: lehenik eta behin, hasierako azterketa abiatuko dute; froga teknikoak eta ingurumenarekin lotutakoak egiteko, eta bideragarritasuna neurtzeko.
Bigarren fasean, berriz, azterketa informatiboari ekingo diote, eta orduan ondorioztatuko dute linea berriak ingurumenean izan dezakeen eragina.
Hirugarren fasean, informazio publikoko izapideak hasiko dituzte; txostena idatzi eta tramitazioa egingo dute. Azkenik, txosten informatiboa onartu beharko dute.