Ekonomia -

Arrantza

Arrantzaleek hegaluzearen kanpaina itxi dute aurreikusitakoa baino lehenago

Kopuru aldetik sasoi ona izan bada ere, 6.000 tonarekin, kofradiek kuota handitzea eta banaketa erkidegoen artean egitea eskatu dute, "urte borobila" izateko.

Sasoi honetan arrantzatutako azken hegaluzeak. ETBren bideo batetik hartutako irudia
Sasoi honetan arrantzatutako azken hegaluzeak
Hegaluzearen kuota handitzea eskatu dute arrantzaleek

1:24

Radio Euskadi | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gauerdian itxi dute hegaluzearen arrantzu-aldia Euskadin, Europak Espainiako Estatuari ezarritako 16.620 tonako gehiengo kopurura iritsi direlako. Kanpaina aurreikusitakoa baino lehenago bukatu bada ere, arrantzale gehienak "pozik" agertu dira aurtengo kosterarekin, nahiz eta kuota handitzea eskatuko duten, baita autonomia erkidego bakoitzak bere harrapaketa kudeatzeko askatasuna izatea ere.

Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek eta Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendaritzak emandako datuen arabera, arrantzaleek 6.000 hegaluze tona harrapatu dituzte maiatzaz geroztik. Horien hitzetan, "espezie horren egoera biologikoa" ona dela esan nahi du kuota aurreikusitakoa baino lehenago betetzeak. Aurten, gainera, kostaldetik asko aldendu gabe arrantzatu dute hegaluzea.

Leandro Azkue Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak ETBri adierazi dionez, "arrantzu-aldia ona izan da harrapaketari dagokionez, epe laburrean kuota guztia arrantzatzea lortu baitute. Hegaluzea 3,53 euroan saldu dute batez beste, iaz baino merkexeago".

Eugenio Elduaien Gipuzkoako kofradietako presidentea ere pozik agertu da, "kuota aurreikusitakoa baino lehenago bete bada ere": "Pena bakarra da, Europak ezarritako muga dela eta, urte "onetan" ez dugula arrantzu-aldi biribilagorik egiteko aukerarik".

Horren aurrean, kuota handitzea eskatu dute arrantzaleek zein teknikariek, eta horixe da, hain zuzen, azaroan Mallorkan egingo duten bileran Atlantikoko Hegaluzearen Kontserbaziorako Nazioarteko Batzordeari exijituko diotena. Azkueren iritzian, % 20 edo % 30 handitu beharko lukete kuota, nahiz eta jakin badakien ez dela erraza izango. Elduainek, bestalde, "txosten zientifikoak" erakutsiko dituztela iragarri du, espeziea arriskuan jar ez dezaten.

Era berean, kuotaren banaketa aldatzea galdegingo dute, erkidegoka finkatu dadin. Dena den, argi du erkidego bakoitzak ezingo duela nahi beste hegaluze arrantzatu. Elduaienen ustez, eredu horrekin guztiek bete behar dute kuota, eta behin kopuru horretara helduta, guztientzat amaituko da arrantzu-aldia. "Ea posible den beste bideren bat aurkitzea, adibidez, arrantzu motaren edo erkidegoaren arabera finkatzea, kuota handiagoa izan dadin", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Arrantza Merkataritza Iparraldeko kostaldea albisteak