Ekonomia -
pentsioen sistema
Batez besteko pentsioa 1.233 eurokoa da EAEn, eta 1.140koa Nafarroan
Abuztuko datuen arabera, bi erkidegoek Espainiako Estatuko pentsio altuenak dituzte, Asturiasekin eta Madrilekin batera. Estatuko batezbestekoa 992 eurokoa da.
EITB.EUS
Pentsio kopuruak gora egin du abuztuan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan —% 1,3 eta % 1,4, hurrenez hurren, 2018ko hilabete berarekin alderatuta—, eta 696.565 zenbatu dituzte.
Espainiako Gobernuko Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako Ministerioak gaur jakinarazi ditu Gizarte Segurantzako Institutuaren abuztuko datuak. Horien arabera, batez besteko pentsioa 1.233 eurokoa da Euskadin, eta 1.140koa, Nafarroan. Biek ala biek, Asturiasekin (1.170 euro) eta Madrilekin (1.167 euro) batera, Espainiako Estatuko pentsio altuenak dituzte, Estatuko batezbestekoa aise gaindituta (992 euro).
Pentsioen kopuruan ez ezik, batezbestekoak ere gora egin dute EAEn eta Nafarroan (% 3,7), betiere 2018ko abuztuarekin alderatuta.
Hainbat motako pentsioak daude: erretirokoa, baliaezintasuneko, alarguntzarena, umezurtzena eta senitartekoen aldekoa. Denetan altuenak erretiro-pentsioak dira (1.403 euroko batezbestekoa EAEn, eta 1.289 eurokoa, Nafarroan); alargun-pentsioak, aldiz, ez dira 900 eurora iristen (867 euro batez beste EAEn, eta 782 euro, Nafarroan).