Ekonomia -
Hegaluzearen kanpaina
Euskal kofradiek hegaluzearen kuota erkidegoen artean banatzea eskatuko dute
Hegaluzearen kuotarekin berdelarekin edo legatzarekin egiten den bezala jokatzea defendatuko dute arrantzaleek. Horrez gain, 2020ko kuota 1.000 tonatan handitzea galdegingo dute.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal kofradiek eskakizun zehatzak egingo dizkiote Espainiako Gobernuari Atlantikoko Hegaluzearen Kontserbaziorako Nazioarteko Batzordeak azaroan egingo duen bilerari begira. Batetik, arrain horren kuota erkidegoen artean banatzea eskatuko dute, eta bestetik, 2020rako harrapaketa-kopurua 1.000 tonatan handitzea.
Kanpaina gauerdian bukatuko da. Ordurako Espainiako Estatuak ezarrita zituen 16.620 hegaluze tona arrantzatuta egongo direla aurreikusi dute.
Aurelio Bilbao Bizkaiko Kofradien idazkariak nabarmendu duenez, hegaluzearen kuota berdelaren edo legatzarena bezala banatu beharko litzateke; hala, erkidego bakoitzak "nahi bezala kudeatuko luke".
Bizkaiko arrantzaleen bozeramaileak uste du "hegaluzea arrantza dezaketen ontzien zerrenda itxi" beharko litzatekeela; "ezin du edozeinek nahi beste arrantzatu", erantsi du. Azaldu duenez, "hegaluzea kostaldetik gertu egon da aurten, eta edozein itsasontzi txikik harrapatu ahal izan du; hori izan da gure arazo nagusia".
Kuota erkidegoen artean banatzearen beharra ere defendatu du: "Espainiako administrazioak arrantza guztiak banatu ditu, bi izan ezik, hain justu, osasuntsuen daudenak: antxoa eta hegaluzea. Erkidego batzuk kuota banatzearen kontra daude, eta Espainiako Gobernuak ez dio horri heldu nahi".
Bilbaoren esanetan, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek (Hondarribia, Getaria, Bermeo eta Ondarroa bezalako portuetan) 6.000 tona baino gehiago harrapatu dituzte hegaluzearen aurtengo kanpainan. Arrantzaleak "pozik" agertu dira arrainak kostaldetik gertu egon direlako eta hortaz, gasolio kostuak txikiagoak izan direlako, baina ohartarazi diete "arrantzatzen jarrai zezaketela", hegaluzea egon badagoelako oraindik. Lonjan kiloa 3,5 eurotan egon da batez beste.
Bizkaiko kofradiako idazkariak nabarmendu duenez, "orain 2020ko kuota handitzearen alde egin behar dugu, zaila izango da izapide burokratikoak tarteko. Espero dugu datorren urtean azken bietan gertatutakoa ez pasatzea: kanpaina abuztu amaieran amaitzea, urrira arte arrantzatzeko nahikoa hegaluze dagoenean".
Bilbaok esan du Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua ere kuota handitzearen alde daudela. Hori bai, eskaera "ikerketa zientifikoak eskuan" egin behar dela uste du, espeziea arriskuan ez jartzeko. "Antxoarekin pasatu zitzaigun: arrantzatzeari utzi behar izan genion, eta ez dugu hori berriz gertatzea nahi", azaldu du.