Ekonomia -
LANUZTEAK
Iberiako lurreko langileek bi greba egun deituko dituzte Loiuko aireportuan
Sindikatuek ez dute oraindik zehaztu noiz izango diren lanuzte horiek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Loiuko aireportuan bi greba egun egingo dutela iragarri dute Iberiako lurreko langileek. Orain arte egindako geldialdiak partzialak izan dira. Sindikatuek oraindik ez dute adierazi noiz izango diren egun osoko greba horiek.
Iberiako lurreko 270 langile inguru lanuzte partzialak egiten hasi ziren Bilboko aireportuan, aste hasieran, txandaka. Orain arte, ez du aireportuaren funtzionamenduan eraginik izan. Ez dituzte hegaldirik bertan behera utzi.
Ostiralean, enpresa eta lanuzteak deitu zituen UGT sindikatua Preco Lan Harremanen Kontseiluko lan gatazken zerbitzuan batu ziren. Bilera horretan, kanpoko bitartekari batera jotzea adostu zuten.
Precon egindako beste bilera batean, UGTk bi greba egunak iragarri ditu. Hortaz, lan gatazka pil-pilean dago oraindik.
Iberiako langile horiek IAG taldeko konpainiei eskaintzen diete lurreko zerbitzuak, hau da, Vuelingi, British Airwaysi eta Lufthansari, besteak beste. Fakturazioz zein mostradoretako maleten zamaketaz arduratzen dira.
Gatazkaren erroa ez dira soldatak, baizik eta aireportuko lan-baldintzak, gero eta jende gehiagok bidaiatzen duelako eta, ondorioz, lan-zama gero eta handiagoa delako.
UGTk egonkortasuna lortu nahi du, % 50 aldi bateko langileak baitira. Horrekin batera, ondorengo neurriak eskatu ditu: goizeko eta arratsaldeko txandak arrazionalizatzea, txanden artean alde handirik ez egoteko; eta aldi bateko langileen lanaldiak gutxienez bi ordukoak izatea, orain ordu batekoak direlako eta ordu gehiago lan egiten dituztelako.