Ekonomia -
MANIFESTAZIOA
Pentsioak KPIren arabera igotzea eskatu dute milaka pentsiodunek Bilbon
Aste Nagusia dela baliatuta, enegarren manifestazio jendetsua egin du pentsiodunen mugimenduak Bilbon.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Milaka pentsiodunek manifestazio jendetsua egin dute Bilbon, Aste Nagusiko astelehenean. Horretan, pentsioak KPI errealean urtero igotzea eskatu diete Espainiako Gobernuari zein politikariei.
Pentsiodunek diotenez, ez badute Espainiako Gobernua osatzen eta, ondorioz, 2020rako ez badituzte aurrekontu orokorrak adosten, pentsioen igoera Mariano Rajoyk ezarritako % 0,25era buelta liteke.
Astelehenero egiten dituzten protesten ordez, manifestazioa egin dute Bizkaiko hiriburuan. Horretan, Euskadiko, Nafarroako, Asturiaseko, Kantabriako eta Errioxako delegazioek hartu dute parte.
Txistulari banda batekin batera eta mugimendua osatzen duten elkarteen pankartekin, milaka pertsonak ibili dira hirigunetik, Moyua plazatik Bilboko udaletxera.
Ibilbidean, hainbat neurriren aurkako leloak batera esan dituzte, bereziki, Bizkaiko Foru Aldundiko egoitzaren aurretik pasatzera. Besteak beste, pentsio plan pribatuentzako zerga-arintzen, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen (BGAE) eta politikarien kontra egin dute.
Nahiz eta 1.080 euroko gutxienezko pentsioa eskatu, pentsioen igoera KPI errealean urtero egitea da pentsiodunen eskaera nagusia. Pentsio baxuen eta alarguntza-pentsioen kasuetan, igoera altuagoa izatea exijitu dute.
Pentsiodunen adierazpenak
Jon Fano kolektiboaren bozeramailearen ustez, Sanchezen jarduneko Gobernuak "borondatea badu”, pausuak eman ditzake. Zehazki, pentsioen igoera KPI errealean egitea eta, pentsio baxuen kasuan, altuagoa izatea azpimarratu du, emakumeen egoera, orokorrean, eta alargunena, bereziki, "dramatikoa" delako.
Andrea Uña Bizkaiko mugimenduaren beste bozeramaileak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari lan egiteko eskatu die, bere esanetan, pentsioen arazoa "politikoa" delako eta irtenbidea duelako.
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak iragarri duenez, astelehenetan manifestazioak egiten jarraituko dituzte. Urriaren 1erako, hainbat manifestazio prestatzen ari dira Euskadin eta Nafarroan, Pertsona Helduen Eguna delako. Azkenik, azaroko erdialdean, gizarte mobilizazioa sustatuko dute, sindikaturen eta kolektibo sozialen laguntzarekin.