Ekonomia -
Iberia
Akordiorik gabe bukatu da Iberiaren eta Bilboko Aireportuko langileen arteko bilera
Loiuko Aireportuko lurreko zerbitzuko langileek kontratazio gehiago eskatzen dute, lan kargaren igoerari aurre egiteko. Asanbladak egingo dituzte kanpoko bitartekari bat onartzen duten erabakitzeko.
eitb.eus
Lan Harremanen Kontseiluan egindako bilera, UGT sindikatuaren eta Iberia Airpot Services enpresaren artean, akordiorik gabe bukatu da. Lanuzte partzialak egiten ari dira Bilboko Aireportuko lurreko zerbitzuko langileak.
Sindikatuaren iturrien arabera, enpresak ez du proposamenik ekarri LHKn egindako bilerara, eta ez dituzte gatazka honetan duten jarrerak hurbildu. Langileek lan kargaren igoerari aurre egiteko langile gehiago kontratatzea eskatzen dute.
Kanpoko bitartekari bat erabiltzea proposatu du enpresak, eta sindikatuak langileek galdetzea erabaki du, asanbladetan. Astelehenean berriz bilduko dira LHKn, enpresari erantzun bat emateko.
Asanbladak ostiralean 18:00etan eta larunbatean 11:00etan izango dira. Horietan, gainera, beste lanuzte partzialak egingo dituzten erabakiko dute. Abuztuaren 14, 15 eta 16ean egin dituzte.
Lanuzteen "eragin txikia"
Langileen ordezkariek deitutako lanuzteek "eragin txikia" izan dute orain arte Bilboko Aireportuan, Aenako iturriek esan dutenez. Iberia Airport Servicesen arabera, lanuzteek ez dute Loiuko aireportuan hegaldirik bertan behera uztera behartu, eta erabiltzaileek "beste edozein egunetan bezala" jaso dute aireportuko zerbitzua.
Horren harian, Iberiak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla salatu dute langileek. Kanarietarako eta Balearretarako hegaldietan, esaterako, gutxieneko zerbitzuak % 100ekoak izan dira.
Ostiral honetan, ordu-tarte hauetan egingo dituzte lanuzteak langileek: 06:00etatik 09:00etara, 12:00etatik 14:00etara, 18:00etatik 20:00etara eta 22:00etatik 24:00etara.
Lan-etenaldiak "astelehen eta ostiralero errepikatuko dira, konpainiak langileen aldarrikapenei erantzuten ez badie", sindikatuen arabera.
Lan-baldintzen hobekuntza
Langileek lan-baldintzak hobetzea eskatzen dute: lanaldiko orduak "zuzen banatzea, familia eta lana uztartzen lagun dezaten", eta behin-behineko langileentzat "gutxienez bi orduko lanaldiak" ezartzea, "enpresak ordubeteko kontratuak egiten baititu eta hori ezinezkoa baita". Halaber, lan-kontratu finkoak eskatzen dituzte enpresan lanean 14 urte eman dituzten behin-behineko langileentzat.
Protestaren helburua ez da soldatak igotzea, lan-baldintzak hobetzea baizik; izan ere, Bilboko Aireportuan asko igo da bidaiarien kopurua eta lan-zama.
Sustapen Ministerioak ezarritako zerbitzu minimoek eragin ezberdina izango dute hegaldien ibilbidearen arabera, baina, oro har, "uharteetara egindako hegaldi nazionalak errespetatu beharko ditugu, baita Estatu mailan egiten diren hegaldien % 54 eta gertukoenen % 32 zein babestutako beste hainbat hegaldi ere".
Ez dute aurreikusi hegaldiak bertan behera geratuko direnik
Iberiak, bestalde, ez du aurreikusten hegaldirik bertan behera geratzea langileen greba dela-eta, enpresako iturriek EFEri adierazi diotenez.
Iberiak 270 bat langile ditu aireportuko instalazioetan lanean, baina Iberiarentzat ez ezik, beste enpresa batzuentzat ere egiten dute lan; IAG, Vueling (bidaiari gehien mugitzen dituena), British Airways eta Lufthansa konpainientzat, besteak beste.
Agiri batean, Iberiak nabarmendu du bere esku dagoen guztia egingo duela lanuzteek ahalik eta gutxien eragiteko hegaldiei eta bidaiariei. Enpresak barkamena eskatu die zerbitzua ematen dien airelineei eta bidaiariei.
Iberiak esan du ahal izan duena egin duela lanuzteak ekiditeko, eta horregatik bildu dela Greba Batzordearekin eta eskatu duela Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza (UGTk baztertu du proposamen hori). Iberiaren iritziz, ez dago sindikatuen eskari gehienak negoziatzerik Bilboko Greba Batzordearekin, batzorde horren eskumenen arlotik kanpo daudelako; adibidez, kontratuen eraldatzearekin lotutako eskariak, ez ordaindutako baimenen gaineko artikuluei buruzkoak, atsedenaldien gainekoak, lanegunak, oporrak edo jaiegunak. Kontua da gai horiek lurreko langile guztiekin negoziatu dituela konpainiak, Hitzarmen Kolektiboan.
Dena dela, Iberiak esan du prest dagoela hobetzeko eta negoziatzeko proposamen guztiak entzuteko.