Ekonomia -

Iberia

Hirugarren lanuzte eguna dute gaur Bilboko Aireportuan

Iberiak lurreko langileak deitu ditu gaur goizean bilera egiteko, Bilbon.

Bidaiariak Bilboko Aireportuan, Loiu. Argazkia: Imanol Aragon.
Bidaiariak Bilboko Aireportuan, Loiu
Bidaiariak Bilboko Aireportuan, Loiu. Argazkia: Imanol Aragon.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iberia Aiport Services enpresak Bilboko Aireportuan lurreko zerbitzuez arduratzen diren langileak deitu ditu bilera batera, Eusko Jaurlaritzaren Lan Harremanen Kontseiluaren bitartekaritzarekin. Bilera gaur goizean egingo dute Bilbon, grebari amaiera emango dion irtenbide bat bilatzeko. Langileek lan-baldintzak hobetzea eskatzeko hirugarren lanuzte eguna dute gaur.

Enpresa batzordea negoziatzeko prest dago, UGTko ordezkarien esanetan, baina Iberiak mahaigainean jarriko dituen proposamenen zain dagoela gaineratu du.

Langileen ordezkariek deitutako lanuzteek "eragin txikia" izan dute orain arte Bilboko Aireportuan, Aenako iturriek esan dutenez. Iberia Airport Servicesen arabera, lanuzteek ez dute Loiuko aireportuan hegaldirik bertan behera uztera behartu, eta erabiltzaileek "beste edozein egunetan bezala" jaso dute aireportuko zerbitzua.

Horren harian, Iberiak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla salatu dute langileek. Kanarietarako eta Balearretarako hegaldietan, esaterako, gutxieneko zerbitzuak % 100ekoak izan dira.

Ostiral honetan, ordu-tarte hauetan egingo dituzte lanuzteak langileek: 06:00etatik 09:00etara, 12:00etatik 14:00etara, 18:00etatik 20:00etara eta 22:00etatik 24:00etara.

Lan-etenaldiak "astelehen eta ostiralero errepikatuko dira, konpainiak langileen aldarrikapenei erantzuten ez badie", sindikatuen arabera.

Langileek lan-baldintzak hobetzea eskatzen dute: lanaldiko orduak "zuzen banatzea, familia eta lana uztartzen lagun dezaten", eta behin-behineko langileentzat "gutxienez bi orduko lanaldiak" ezartzea, "enpresak ordubeteko kontratuak egiten baititu eta hori ezinezkoa baita". Halaber, lan-kontratu finkoak eskatzen dituzte enpresan lanean 14 urte eman dituzten behin-behineko langileentzat.

Protestaren helburua ez da soldatak igotzea, lan-baldintzak hobetzea baizik; izan ere, Bilboko Aireportuan asko igo da bidaiarien kopurua eta lan-zama.

Sustapen Ministerioak ezarritako zerbitzu minimoek eragin ezberdina izango dute hegaldien ibilbidearen arabera, baina, oro har, "uharteetara egindako hegaldi nazionalak errespetatu beharko ditugu, baita Estatu mailan egiten diren hegaldien % 54 eta gertukoenen % 32 zein babestutako beste hainbat hegaldi ere".

Ez dute aurreikusi hegaldiak bertan behera geratuko direnik

Iberiak, bestalde, ez du aurreikusten hegaldirik bertan behera geratzea langileen greba dela-eta, enpresako iturriek EFEri adierazi diotenez.

Iberiak 270 bat langile ditu aireportuko instalazioetan lanean, baina Iberiarentzat ez ezik, beste enpresa batzuentzat ere egiten dute lan; IAG, Vueling (bidaiari gehien mugitzen dituena), British Airways eta Lufthansa konpainientzat, besteak beste.

Agiri batean, Iberiak nabarmendu du bere esku dagoen guztia egingo duela lanuzteek ahalik eta gutxien eragiteko hegaldiei eta bidaiariei. Enpresak barkamena eskatu die zerbitzua ematen dien airelineei eta bidaiariei.

Iberiak esan du ahal izan duena egin duela lanuzteak ekiditeko, eta horregatik bildu dela Greba Batzordearekin eta eskatu duela Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza (UGTk baztertu du proposamen hori). Iberiaren iritziz, ez dago sindikatuen eskari gehienak negoziatzerik Bilboko Greba Batzordearekin, batzorde horren eskumenen arlotik kanpo daudelako; adibidez, kontratuen eraldatzearekin lotutako eskariak, ez ordaindutako baimenen gaineko artikuluei buruzkoak, atsedenaldien gainekoak, lanegunak, oporrak edo jaiegunak. Kontua da gai horiek lurreko langile guztiekin negoziatu dituela konpainiak, Hitzarmen Kolektiboan.

Dena dela, Iberiak esan du prest dagoela hobetzeko eta negoziatzeko proposamen guztiak entzuteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Langabezia Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak