Ekonomia -

Protestak

'Normaltasuna' Bilboko aireportuan, Iberiako lan-etenaldien lehen egunean

Protestak ostegunean eta ostiralean ere egingo dituzte, 6:00etatik 9:00etara, 12:00etatik 14:00etara, 18:00etatik 20:00etara eta 22:00etatik 00:00etara.

Bidaiariak Bilboko Aireportuan, Loiu. Artxiboko argazkia: EFE
Bidaiariak Bilboko Aireportuan, Loiu
Bilboko Aireportuko Iberiako langileen lehen protesta eguna

0:52

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AENAko iturriek eitb.eus-i asteazken arratsaldean baieztatu diotenez, normaltasuna da nagusi Loiuko aireportuan, Iberiako langileen lan-etenaldien lehen egunaren azken orduetan. Ez dute hegaldirik bertan behera utzi, eta ez da nabarmentzeko moduko gorabeherarik izan, eta erabiltzaileak "beste edozein egunetan bezala" ari dira jasotzen aireportuko zerbitzua.

Protestak ostegunean eta ostiralean ere egingo dituzte, 6:00etatik 9:00etara, 12:00etatik 14:00etara, 18:00etatik 20:00etara eta 22:00etatik 00:00etara. Gutxieneko zerbitzuak daude ezarrita; Kanarietarako eta Balearretarako hegaldietan, % 100ekoak dira.

Iberiako 270 beharginek beste bi lanuzte-egun egingo dituzte, ostiralera arte, UGT sindikatuak eitb.eus-i jakinarazi dionez.

Lan-etenaldiak bederatzi ordukoak izango dira egunero, eta "astelehen eta ostiralero errepikatuko dira, konpainiak langileen aldarrikapenei erantzuten ez badie".

Langileek lan-baldintzak hobetzea eskatzen dute: lanaldiko orduak "zuzen banatzea, familia eta lana uztartzen lagun dezaten", eta behin-behineko langileentzat "gutxienez bi orduko lanaldiak" ezartzea, "enpresak ordubeteko kontratuak egiten baititu eta hori ezinezkoa baita". Halaber, lan-kontratu finkoak eskatzen dituzte enpresan lanean 14 urte eman dituzten behin-behineko langileentzat.

Iberia, Vueling, Lufthansa, British Airways eta Aer Lingus konpainietako hegaldi askori eragingo die lanuzteak, aireportuko zerbitzu asko bertan behera geldituko baitira: txartelen eta maleten kudeaketa, hegazkineratzeko zerbitzua, maleten karga eta deskarga, hegazkinen eskailerak eta hegazkinak pistetatik garraiatzeko atoiontzien zerbitzuak, eta abar.

Protestaren helburua ez da soldatak igotzea izango, lan-baldintzak hobetzea baizik; izan ere, Bilboko Aireportuan asko igo da bidaiarien kopurua eta lan-zama.

Sustapen Ministerioak ezarritako zerbitzu minimoek eragin ezberdina izango dute hegaldien ibilbidearen arabera, baina, oro har, "uharteetara egindako hegaldi nazionalak errespetatu beharko ditugu, baita Estatu mailan egiten diren hegaldien % 54 eta gertukoenen % 32 zein babestutako beste hainbat hegaldi ere".

Ez dute aurreikusi hegaldiak bertan behera geratuko direnik

Iberiak, bestalde, ez du aurreikusten hegaldirik bertan behera geratzea langileen greba dela-eta, enpresako iturriek EFEri adierazi diotenez.

Iberiak 270 bat langile ditu aireportuko instalazioetan lanean, baina Iberiarentzat ez ezik, beste enpresa batzuentzat ere egiten dute lan; IAG, Vueling (bidaiari gehien mugitzen dituena), British Airways eta Lufthansarentzat, besteak beste.

Agiri batean, Iberiak nabarmendu du bere esku dagoen guztia egingo duela lanuzteek ahalik eta gutxien eragiteko hegaldiei eta bidaiariei. Enpresak barkamena eskatu die zerbitzua ematen dien airelineei eta bidaiariei.

Iberiak esan du ahal izan duena egin duela lanuzteak ekiditeko, eta horregatik bildu dela Greba Batzordearekin eta eskatu duela Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza (UGTk baztertu du proposamen hori). Iberiaren iritziz, ez dago sindikatuen eskari gehienak negoziatzerik Bilboko Greba Batzordearekin, batzorde horren eskumenen arlotik kanpo daudelako; adibidez, kontratuen eraldatzearekin lotutako eskariak, ez ordaindutako baimenen gaineko artikuluei buruzkoak, atsedenaldien gainekoak, lanegunak, oporrak edo jaiegunak. Kontua da gai horiek lurreko langile guztiekin negoziatu dituela konpainiak, Hitzarmen Kolektiboan.

Dena dela, Iberiak esan du prest dagoela hobetzeko eta negoziatzeko proposamen guztiak entzuteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Langabezia Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak