Ekonomia -

Ingurumena

Klima-aldaketa okelaren sektorearen kontrako arma gisa ez erabiltzeko eskatu du ENBAk

IPCCk klima-aldaketaz eta lurraz egindako txostenaren ondorioak "sinplifikatu" ez daitezen eskatu dute euskal nekazariek, eta bertako nekazaritza jasangarriaren garrantzia aldarrikatu dute.

Landako Errota baserria, Mungian. Argazkia: ENBA
Landako Errota baserria, Mungian.
Landako Errota baserria, Mungian. Argazkia: ENBA

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Nekazarien Batasunak "zuhurtasuna eta arrazionaltasuna" eskatu du IPCCren 'Klima-aldaketa eta lurra' txosten bereziaren aurrean. Esan duenez, klima-aldaketa bezalako gai "garrantzitsua eta konplikatua" gehiegi "sinplifikatu" da eta "hautsak harrotu ditu bai komunikabide bai kontsumitzaileen artean". Gaia "bere onetatik atera" dutela salatu du, "eta gure gizartearen onerako diren ondorioak atera eta gogoeta bultzarazi beharrean, jendea beldurtzearen" alde egin dute, batez ere "okelaren sektorearen aurkako informazio bezala salduz".

Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen (IPCC) txostenak nabarmendu duenez, "lurraren kudeaketa hobeak klima-aldaketa gelditzen lagun dezake, baina ez da modu bakarra".Txostenaren arabera, Parisko Hitzarmenaren helburua (Lurraren berotzea 2 gradutik beherakoa izatea) ezingo da bete ez bada aldakatarik ematen lurzoruaren erabilera globalean eta elikagaien kontsumoan.

ENBAk "Euskadin dugun nekazaritza jasangarria, famili eredukoa eta mendikoa" defendatu du, ekoizpen sistema intentsiboen aurrean, eta nekazaritzak "elikadura segurtasunean eta ingurumenean" duen garrantzia azpimarratu du. Tartean, klima-aldaketan eta biodibertsitatean.

Horregatik, esan dutenez, "nekazal sektorea klima-aldaketaren irtenbidearen partea da", eta gogorarazi dute IPCCren txostenak ez duela elikagai baten kontra egiten, eta, aldiz, "dieta orekatua" gomendatzen du,"berotegi efektuko gas gutxi sortzen duten sistemetan modu jasangarrian ekoiztutako produktuetan, begetalak zein animaliak, oinarritutakoa".

Kontsumitzaileei "eguneroko bizimoduan baina, batez ere, erosketak egiterako unean klima-aldaketaren aurkako borrokarekin koherenteak" izan daitezela eskatu diete, eta dieta "tokiko produktuetan oinarritu dezaten, eta ez gure mahaietara heldu baino lehen mundu erdian zehar bidaiatzen duten kanpoko elikagaietan".

"Kontsumitzaile bakoitzaren erosketa hautu bakoitza nekazal politika erabakitzeko baliogarri dela" gogorarazi ostean, "kontsumitzaileak ingurumen politika sustatzeko eskuartean, erosketa bakoitzarekin, duen indarra" ere aipatu du ENBAk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Nekazaritza Larrialdi klimatikoa