Ekonomia -
TRABLISA
El Prateko segurtasun langileek greba mugagabeari ekin diote
Aldeko 175 botorekin eta kontrako bi botorekin, Trablisa enpresako langileek greba mugagabea hastea adostu dute, lan-baldintza hobeak eskatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
El Prateko aireportuan (Bartzelona) segurtasun kontrolak egiten dituen Trablisa enpresako langileek greba mugagabea egitea erabaki dute batzar batean, aldeko 175 botorekin eta aurkako bi botorekin, lan-baldintza eta soldata hobeak eskatzeko. Ondorioz, ordubeteko ilarak sortu dira El Praten. Gainera, lehenengo terminalaren sarreran 12:00etan elkarretaratzeko deia egin dute.
Segurtasun langileen esanetan, Trablisak egindako azken eskaintza eskasa dela eta, bozketan parte hartu duten enpresako 500 langilek grebari ekin diote. Hori onartuz gero, enpresak plus bat baino ez lieke ordainduko langileei urritik aurrera.
Juan Carlos Gimenez greba batzordearen aholkulariak bozketaren parte-hartzea erdia baino gutxiago izatea argudiatu du. "Zer bozkatuko dute ez badago ezer? Proposamena da, enpresarena, ezer ez", adierazi die hedabideei.
Langileek beste hainbat hobari eskatu dute: "kolektiboak jasaten duen zama fisiko eta mentala dela-eta" orduko euro bateko plusa izatea, aireportuan langileen aparkalekua enpresak ordaintzea, orduko hamar minutuko atsedenak edukitzea, parekotasuna bermatzea eta hilero bi asteburu libre izatea, besteak beste.
Langileen ordezkariek kritikatu dutenez, 2017ko gatazka dela-eta Ministro Kontseiluak sinatu zuen derrigorrezko arbitraje-laudoaren arabera, langileek eskatutako neurri batzuk enpresak bete egin beharko lituzke jada. Langileen ordezkarien esanetan, baina, enpresak ez ditu horiek betetzen.
Espainiako Gobernuak % 90eko zerbitzu minimoak ezarri ditu, baina batzordeak hori betetzea zaila izango dela esan du, langile asko bajan edo oporretan daudelako. Gimenezen arabera, langile gehienek greba egingo dute. Hala ere, gutxieneko zerbitzuak beteko dituztela esan du.
Aurreko urteak
Duela bi urte, 2017ko udan, Eulen enpresan lan egiten zuten El Prateko segurtasun langileek greba abiatu zuten. Horren ondorioz, derrigorrezko arbitraje-laudoa sinatu zuten, eta arazo larriak sortu ziren. Geldialdiek ilera luzeak eragin zituzten segurtasun kontroletan, eta Guardia Zibilak laguntza eskaini behar izan zuen.
Iberiako lurreko langileek uztailaren amaieran geldialdiak egin eta gero, El Praten bi asteko epean egingo den bigarren greba da Trablisa enpresarena. Iberiaren kasuan, atzerapenak orokor bihurtu ziren, eta hainbat hegaldi bertan behera utzi behar izan zituzten. Gainera, euriteak direla-eta, pistak itxi behar izan zituzten aldi baterako.
Trablisako langileen greba Bartzelonako aireportuaren joan-etorri handieneko garaian egiten ari da, udako denboraldian, egunean milaka hegaldi egiten direnean.