Ekonomia -
Helduen egoitzak
LAB: 'Egoitzen dekretuak prekarietatea mantentzen du arretan eta lan baldintzetan'
LAB sindikatuko ordezkariek eta helduen egoitzetako langileek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren onarpena dela eta.
eitb.eus
LAB sindikatuko ordezkariek eta helduen egoitzetako langileek elkarretaratzea egin dute astelehen honetan Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, uztailaren 30ean onartutako EAEko helduen egoitzetako dekretuaren onarpena dela eta. Dekretuaren balorazioa egin dute bertan, eta arreta eta lan-baldintzetan "prekarietatea mantentzen duela" salatu dute.
Henar Fidalgo LABeko ordezkariaren esanetan, Jaurlaritzak onartutako helduen egoitzetarako dekretua "langileen parte-hartzerik gabe eta erabiltzaileen helegiteak kontuan hartu gabe" egin da, Parlamentuaren gehiengoari, erabiltzaileei eta profesionalei "lepoa emanda".
Eusko Jaurlaritzak 2019ko uztailaren 30ean onartu zuen EAEko helduen egoitzen dekretua.
Fidalgoren ustez, Eusko Jaurlaritzak onartutako helduen egoitzetarako dekretuak finkatutako arretarako ratioek ez dute inolako aurrerapausorik ekartzen. "Ez da langile gehiago aurreikusten eta ez du izaera presentziala eta kategorien araberakoa den ratiorik. Aipatzekoa da Enplegu eta Politika Sozialetako Sailaren txosten juridikoak ohartarazten zuela finkatutako ratioak zehazteko justifikazio eta objektibazio falta", esan du.
LAB sindikatua "aspaldi ari da salatzen egiturazko egoera hori". Ildo horretan, gizarte zerbitzu guztiak modu egokian arautu behar direla uste du; "erabiliko diren arretarako ratioak behar adinakoak izan behar dira kopurua, maila zein izaera presentzialari dagokionez" esan du.
Halaber, "zerbitzuen antolamendua erabiltzaileen premiei egokituko zaiela ziurtatuko da, hots, kalitateari eta langileen lan eskubideei, eta hauen osasunaren bermeari eta sustapenari egokituko zaiela", adierazi du Fidalgok.
Ildo horretan, "EAEko gizarte zerbitzuetako legeak administrazio publikoei esleitzen dizkie gai honetako eskuduntzak, honela, gizarte zerbitzuetako sistema publikoak modu egokian funtzionatzen duela ziurtatzeko. Tamalez, nagusiki, gizarte zerbitzuak alor pribatuak kudea dezala izan da ondorioa, haien ardura enpresa kudeatzaileengan utziz. Aipatu enpresek irabaziak lehenesten dituzte, kalitateko zerbitzua jasotzeko eskubide subjektiboa eta langileen lan eskubideen aurretik", azaldu du.
Oro har, gizarte zerbitzuen hondatze egoera kezkagarria dela uste du sindikatuak, "lan arloan zein sorospen arloan". "Laneko erritmo jasangaitzak, arretarako behar adina denbora eza, neurriz gaineko ahaleginak, estresa, hitzezko erasoak, eraso fisikoak, erabateko eskuragarritasuna, txandaka aritu beharra, bakarka eta behar adinako baliabiderik gabe lan egin beharra... Zerbitzuen zaintzaren kalitate urriak langileen lan baldintza kaskarrei eragiten die", azaldu du.
Bestalde, "dekretuan inposatutako arretarako ratioek eragotzi egiten dute erabiltzaileen eskubideak betetzea, eta langileak euren lan-eskubideak urratzen dituzten erritmo eta lan-kargetara kondenatzen dituzte. Horren jakitun dira langile zein erabiltzaileak. Gogorazi nahi dugu ekainean hamarnaka salaketa erregistratu zituela LABek lan ikuskaritzan lan-osasunaren arloan ematen ziren ez betetzeengatik, langileak arrisku psiko-sozial eta ergonomikoen pean zeudelako, honek dituen ondorio larriekin", adiera du.
Dekretuak talka egiten du erabiltzaile zein langileen eskubideekin
Fidalgoren hitzetan, "Eusko Jaurlaritzak onartutako dekretuak gehiago erantzuten dien irizpide ekonomizista eta egutegi legegileari arretaren kalitatea bermatzera zuzendutako irizpideei baino, erabiltzaile zein langileen eskubideen alde egingo luketenak".
Horren harira, dekretu horrek "gatazka sortzen jarraituko duela" uste du, "gizarte zerbitzuen legean finkatutako eskubideak bermatzeko betebeharra dutenen eta horietako erabiltzaile eta profesionalen artean".