Ekonomia -
Gipuzkoa
Ezintasun absolutua onartu diote Uranga paper fabrikako langile ohi bati
78 urteko emakumeak mesotelioma pleuraleko gaixotasuna dauka zortzi urtez paper fabrikan "amianto talkoarekin harremanetan" lan egiteagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Gizarte Segurantzak ezintasun absolutua onartu dio Gipuzkoako Uranga paper fabrikan lan egin zuen 78 urteko emakume bati, "amianto talkoarekin" lan egin izanagatik mesotelioma pleuraleko gaixotasuna pairatu baitu. Emakumeak 1955 eta 1963 urteen artean lan egin zuen paper fabrikan.
EAEko Amiantoaren Biktimen Elkartearen esanetan, ebazpen berriari esker, "hobekuntza nabarmena" izango du erretiro-pentsioan.
Izan ere, gaixotasun profesionalaren aitorpenari esker, 2.404 euroko erretiro-pentsioa jasoko du, alargun eta erretiro pentsioak batuta 1.000 euro jasotzen zituenean.
Bestalde, Osalanek ez du baztertzen "paperari botatzen zizkioten talko mineraleko hautsek amiantoa izatea" eta gaixotasuna eragitea, iturri berberak jakitera eman duenez.
Gaixotasun profesionaltzat onartua izateko jarritako "oztopoak" salatzeaz gain, Osakidetzak "gaixotasun profesionalaren susmoa zuela eta ez zuela ezer esan" kritikatu du elkarteak.
Halaber, "gaixo terminalen txostenak ebazteko hamaika hilabete behar izatea" leporatu dio Gizarte Segurantzari.