Ekonomia -

Araba

Akordio batek 70 eguneko grebari amaiera eman dio Aguraingo DHL konpainian

Enpresa hitzarmen berri bat eta KPIren gainetik soldata igoerak adostu dituzte, baita aldi baterako 11 langileren kontratuak mugagabe bihurtzea ere. Hitzarmen berria 2021era arte egongo da indarrean.

DHL konpainiako beharginen protesta. Irudia: ELA
Akordio batek 70 eguneko grebari amaiera eman dio Aguraingo DHL konpainian.
DHL konpainiako beharginen protesta. Irudia: ELA

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

DHLren zuzendaritzak eta beharginek akordioa lortu dute astearte honetan. Honenbestez, Aguraingo (Araba) lantegian egiten ari ziren greba bertan behera geratu da. Guztira, 70 egun greban eman dituzte langileek. Lantegiko 110 beharginek hitzarmen berri bat eskatzen zuten, eta hori langile guztiei aplikatzea.

ELAk jakitera eman duenez, enpresa hitzarmen berri bat eta KPIren gainetik soldata igoerak adostu dituzte, baita aldi baterako 11 langileren kontratuak mugagabe bihurtzea ere. Hitzarmen berria 2021era arte egongo da indarrean.

Era berean, zortzi langileren kategoria hobetuko da. Urtean 3.500 euroko soldata igoera suposatuko du horientzako. Merkantzia garraioko Arabako lurralde hitzarmena aplikaziorako erreferentzia izatea adostu dute, biltegi handiena baztertuz.

Gainera, behin-behinekotasuna mugatuko dute, aldi baterako langileak mugagabeak automatikoki bihurtzeko formulak adostu dituztelako.

"Borroka duinagatik" langileak zoriondu ditu ELAk, soldata igoerak bakarrik ez, "kolektibo ahulenen eta prekarioenen baldintzak hobetzea lortu dutelako baizik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba ELA Grebak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak Lan gatazkak