Ekonomia -
Funtzio Publikoaren Mahaia
Lan poltsak kudeatzeko akordioa sinatu dute Jaurlaritzak eta sindikatuek, ELAk salbu
Sindikatuetako eta Exekutiboko iturriek azaldu dutenez, akordioak "bitarteko kontratuak" murrizteko helburua du. LAB, CCOO eta UGT sindikatuek babestu dute Funtzio Publikoaren Mahaian.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadiko Administrazio Orokorraren lan poltsak kudeatzeko irizpideak aldatzen dituen akordioa sinatu dute Eusko Jaurlaritzak eta sindikatu guztiek, ELAk izan ezik. Sinatzaileen ahotan, kontratazioa bizkortuko du.
Sindikatuetako eta Exekutiboko iturriek azaldu dutenez, akordioak Administrazio arlo batzuetan dauden "bitarteko kontratuak" murrizteko eta lan eskaintza publikoak errazteko helburua du, 10, 15, 20 edo urte gehiago postu finkorik gabe daramatzaten langileek behingoz lanpostu bat bermatzeko. LAB, CCOO eta UGT sindikatuek babestu dute astearte honetan, Funtzio Publikoaren Mahaian.
2006ko araudia eguneratuko du akordioak. Aldaketen artean, lan eskaintza zehatz bati bi aldiz uko egiteko aukera emango du, baita hirugarren bat ere 12 hilabeteko tartearekin, lan poltsatik kanporatzeko arriskurik gabe.
Iturri berdinen arabera, beste abantaila bat kontratu proposamenek izango duten lurraldetasun zehatzagoa izango da, hau da, zonaldeen araberako eskaintzak egingo dituzte; lantokia eskatutako tokitik ahalik eta gertuen egoteko.
Lan poltsetan daudenek lanegunak eta ordutegiak aukeratu ahal izango dituzte enplegu atari berriaren bidez.
Lan eskaintzak telematikoki egingo dituzte egunean ordubetez. Orain arte langileari telefonoz hiru aldiz deitzen zioten, eta erantzuten ez baldin bazuen, baztertu zezaketen, sindikatuetako iturriek zehaztu dutenez.
Eusko Jaurlaritzak proposatutako puntu batek tirabira handienak sortu ditu, eta azkenean praktika epe bat ezartzea baztertu dute aldeek. Sindikatuek horren aurka gogor egin zuten, lan poltsan dauden beharginek dagoeneko hautaprobak gainditu dituztelako, eta Administrazioan lan egiteko gaitasuna dutelako.
Negoziaziorako gaitasuna berreskuratu izana, malgutasuna eta akordiora heltzeko borondatea aintzat hartu dituzte sinatzaile guztiek. Horrela, hiru hilabeteko negoziazioen ondotik, akordio on bat lortu dela azpimarratu dute, EAEko Administrazioaren baja, eszedentzia, ordezkapen eta bitarteko guztiak kudeatu ahal izateko.
ELAk, aldiz, araudia babestuko ez duela adierazi du, testua astearte honetan eman diotelako, gainerako sindikatuek aldez aurretik eskuan izan dutenean. Gainera, "hainbat gabezia eta zigor" ditu, sindikatu abertzaleak salatu duenez.