Ekonomia -
IBILGAILUEN AZTERKETA TEKNIKOA
Zarauzko IAT zentro berria, martxan
Autoentzako eta ibilgailu arinentzako hiru lerro izango ditu. Azken hilabeteotan zerbitzuan izandako pilaketak arintze aldera ateak zabalduko dituzten lau zentroetako bat da Zarauzkoa.
EITB.EUS
Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) egiteko Zarauzko zentro berriak gaur zabaldu ditu ateak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak horretarako baimena eman ondoren.
Azken hilabeteetan pilaketak izan dira azterketak egiten dituzten zentroetan, eta, horiek arintze aldera, bi zentro irekiko dituzte Bizkaian (Sopela eta Zalla) eta beste bi Gipuzkoan (Beasain eta Zarautz). Enpresa kudeatzaile guztiek jaso dute dagokien baimena, eta Zarauzkoa izan da martxan jartzen lehendabizikoa.
Jaurlaritzak ohar bidez esan duenez, Administrazioak izapide guztiak bete ditu, eta helegiterik jaso ez dutenez, aurreikusitako epeen barruan jarriko dira martxan zentroak.
Itasua enpresak kudeatuko du Zarautzen zabaldu duten gunea (Bergarako eta Jundizko zentroak ere kudeatzen ditu), eta autoentzako eta ibilgailu arinentzako hiru lerro izango ditu. 3.500 kilotik gorako ibilgailuei ez zaie azterketarik egingo.
Azterketa igaro behar duten gidariek gaurtik aurrera hartu ahalko dute hitzordua Zarauzko zentro berrian: telefono bidez (943 104 250) edo Itasuaren webgunearen bidez.