Ekonomia -
Gaixotasuna
Pinuak krustazeoen oskolekin, sojarekin eta legamiarekin ihinztatuko dituzte
Banda marroi eta banda gorriaren aurkako tratamendu esperimentala hasi du Neiker-Tecnaliak. Hiru entsegu mota izango ditu ikerketak: "in vitro", lurretik eta airetik.
Agentziak | Erredakzioa
Neiker-Tecnalia nekazal ikerketa eta garapenerako institutuak banda marroiaren eta banda gorriaren kontrako tratamendu esperimentalei hasiera eman die aste honetan. Horretarako, produktu berriak erabiliko dituzte, besteak beste, krustazeo oskolak, soja lezitina eta garagar-legamia. Lurretik zein airetik, dronen eta helikopteroen bidez, ihinztatuko dituzte.
Produktu berriekin onddoa murrizteko asmoa du Neiker Tecnaliak, baita pinuen erresistentzia areagotzea ere.
Horretarako, substantzia natural ugariren eraginkortasuna aztertzeko ikerketa bat martxan jarri du, dagoeneko beste labore batzuetan arrakastarekin erabiliak. Oxido kuprosoa zientifikoki egiaztatutako konposatu bakarra izan da orain arte, eta substantzia berrien eraginkortasuna neurtzeko balioko du.
Hiru entsegu mota izango ditu ikerketak: "in vitro", lurretik eta airetik. Aurrenekoan laborategietan eta berotegietan saiakuntzak egingo dituzte ia 70 substantzia aktibo eta landare-osasunerako produktuekin, eraginkortasuna zehazteko.
Lurretik probak motxilekin egingo dituzte, landare-osasunerako produktuekin. Oxido kuprosoaz gain, krustazeo oskolen kitina, soja ez transgenikoaren lezitina, eztainu-belar eta garagar-legamia probatuko dituzte, landareen erresistentzia naturala areagotzeko, eta baita potasio bikarbonatoa ere. Beste labore batzuetan eraginkorrak izan dira.
Airetik dronekin eta helikopteroekin produktu berdinak aplikatuko dituzte.
Lurreko entsegua 24 hektareatan egingo dute: 8 Murgan (Araba), 8 Artzentalesen (Bizkaia) eta 8 Beasainen (Gipuzkoa). Airetik, 150 hektarea ihinztatuko dituzte: helikopteroarekin 90 hektarea Amoroton (Bizkaia) eta dronakin 60 hektarea Luiaondon eta Aramaion (Araban) eta Idiazabalen (Gipuzkoa).
Urtean behin baino gehiagotan egingo dituzte saiakuntzak, eta datozen urteetan substantzia ezberdinak probatuko dituzte, onddoen aurkako eraginkortasuna neurtzeko.
Aurreneko emaitzen berri datorren sei hilabeteetan ematea espero dute, baina emaitzak behar bezala egiaztatzeko urtebete itxarotea beharrezkoa izango da.