Ekonomia -
Bilbao BBK Live
Udala, Bilbao BBK Liveko beharginen lan baldintzak argitzeko prest
Lan Ikuskaritzan salaketa bat jarri dutela eta, Xabier Ocandiano zinegotziak adierazi du Udala Lan Agintaritzaren esanetara dagoela, egoera argitze aldera.
Agentziak | Erredakzioa
Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak agerraldia egin du gaur, asteazkenarekin, udal batzorde batean, berak hala eskatuta, uztailaren 11tik 13ra Kobetan eginiko Bilbao BBK Live jaialdiaren hamalaugarren edizioaren balorazioa egiteko.
Ochandianok hizpide hartu du Udalari jaialdian ustez lan baldintza ezegokiak egon direla jakinarazteko bidali dioten salaketa, eta azpimarratu du Udalak konpromiso irmoa duela “enplegu duin eta kalitatezkoarekin”, eta, horregatik, lankidetzan arituko dela Lan Ikuskaritzarekin eta jaialdia antolatzen duen enpresarekin, arazoa konpontzeko. Gainera, Ochandianok eskatu du “irmotasunez” jokatzeko, irregulartasunen bat atzemanez gero.
Halaber, Ochandianok argitu du oraingoz salaketa bakarra jaso dutela, eta inork lan eskubideak urratu dizkiotela uste badu salaketa jartzera bultzatu du.
Udala Last Tour enpresak antolatzen duen jaialdiaren babesle nagusia da: BBK Liveren aurrekontua osatzen duten bederatzi milioietatik 1,4 berak jartzen ditu, segurtasun eta garraio baliabideez gain.
Udalak enplegu “duin eta kalitatezkoarekin” konpromiso irmoa duela erantsi eta gero, Ochandianok aurreratu du Udala eta enpresa antolatzailea Lan Ikuskaritzarekin lankidetzan arituko direla eta eskatu du hirugarren enpresa batek irregulartasunak egin dituela atzemanez gero, “irmo” jokatzeko.
24,3 milioi euroko “eragin ekonomiko zuzena”
Ochandianoren hitzetan, jaialdiaren “eragin ekonomiko zuzena” 24,3 milioi eurokoa izan da Udalaren datuen arabera, iazkoarena baino 200.000 euro handiagoa.
Zinegotziaren arabera, “ia gorabeherarik eragiten ez duen hiri jaialdia da, bertaratutakoen artean oso iritzi onak jasotzen dituena”.
“Azpikontratazioa”
Oposizioko alderdien artean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek adierazi dute azpikontratazioarekin “harreman zuzena” dutela jaialdiarekin lotutako “prekarizazioa eta arazoak”.
Last Tour enpresa antolatzaileak berak ohar bat kaleratu zuen jaialdia bukatutakoan, eta azaldu zuen hainbat lan azpikontratatzen dituela, “azpikontratazio horri dagozkion betebeharrak” bere gain hartuta, eta “lan duinarekin konprometituta” daudela.
Horrez gain, jaialdian gertatutako edozein gertakizun jakinarazteko gonbita egin zuen, “hurrengo edizioetan horrelakorik gertatzen ez dela bermatzen saiatze aldera”.