Ekonomia -
Hazkunde ekonomikoa
EAEko ekonomia % 2tik gora haziko da 2019an
Bestalde, % 0,2 inguruko superabita espero du Eusko Jaurlaritzak. Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuaren ustez, "azpimarragarria" da hazkunde hori.
eitb.eus
EAEko hazkunde ekonomikoa 2019an "azpimarragarria" izango da, % 2tik gora haziko baita, eta % 0,2 inguruko superabita izango du, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailak 2018ko Urteko Txostenean jakitera eman dituen datuen arabera.
Pedro Azpiazu sailburuaren esanetan, EAEko hazkunde ekonomikoaren "bertutezko" eredua egiaztatzen da, eta epe ertaineko joera estrukturalak erakusten ditu; esaterako, eredu ekonomikoaren sendotasuna, lehiakortasuna, kohesioa edo sektore publikoaren eta bere politiken egonkortasuna.
2018aren amaieran ekonomia globalaren inguruan sortu ziren zalantzak aldera batera utzi eta, 2018an, EAEk konbergentzia lortu zuen EB-15arekin, "azken urteetan gure lekua modu bikainean berreskuratuz”, Alberto Alberdi Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu sailburuordearen berbetan. Horrenbestez, biztanle bakoitzeko 35.130 euro korronteko BPGa lortu zuen, EB-15ak erakusten dituen 35.375 euroetatik oso gertu, baina Alemaniaren 40.851 euroen edo EABren 52.853 euroen azpitik. Ildo horretna, "Europaren bihotzean ikusten diren mailetara itzuli gara, krisialdia gogorrago jasan ondoren”, azpimarratu du sailburuordeak.ç
Ongizatea, errentaren banaketa eta kohesioa
Enpleguaren sorkuntzak, langabeziaren murrizketak eta biztanle bakoitzeko BPGaren hazkundeak hobekuntza orokor nabarmena erakusten dute. 2018ko Urteko Txostenak erakusten duenez, ekonomiaren susperraldia lan merkatuan ere islatu da, eta hori argi ikusten da 2018an biztanleria aktiboak izan duen % 0,7ko hazkundearekin, aurreko hiru urteetako erregistro negatiboei amaiera emanez eta jarduera tasa % 56,6 igoz. 1.042.600 biztanle aktibo daude.
Biztanleria aktiboaren hazkunde horrekin batera, % 10 inguruan geratu zen langabezia tasaren murrizketa etorri zen. Enplegu tasak gora egin du adin tarte guztietan, gazteenen arteko % 20,8 nabarmenduz, gazteen okupazioak izan duen % 10,6ko hazkundearen ondorioz. Dena den, datu horrek ez du baztertzen biztanleria aktiboa gero eta zaharkituagoa dagoenik, eta 2018an 19.000 lanpostutan baloratuta egon diren erretiroaren ondoriozko ordezkatze beharrak 25.000ra igoko direla 2030erako.
Soldatei dagokienez, dokumentuak jasotzen duenez, benetako soldata arrakala soldaten banaketaren muturretako soldatek erakusten duten bilakaera desberdinean hautematen da, hau da, soldata baxuenak dituzten biztanleen soldataren bilakaeraren eta soldata altuenak dituztenen bilakaeraren artean. Generoari dagokion soldata arrakala nabarmenagoa da errenta maila baxuetan.
Errentaren lehen mailako banaketan ematen diren desberdintasun horiek gizarte arloko desberdintasunen eta, ondorioz, kohesioaren, bilakaera baldintzatzen dute. 2016. urtearekin alderatuz okerrera egin izanaren atzean egon daitezkeen zergatiak, guraso bakarreko familietan eta bakarrik bizi direnetan, eta biztanleria etorkina duten etxeetan, ikusi den okerrerako joeran daude. Izan ere, hiru kasu horien bilakaera gero eta handiagoa da gure herrialdearen egitura demografikoan.
Hala ere, ongizatea BPGtik haraindi neurtzeko aukera ematen duten adierazleek giza garapen indizean erregistro onenak dituzten herrialdeen artean jartzen dute Euskadi (14. postua, EEBBen eta Erresuma Batuaren artean). Espainia 26. postuan dago.
Sektore publikoaren analisia
Eusko Jaurlaritzak 2017an utzi zuen defizitaren bidea. Urte horretan, Jaurlaritzaren kontuak, kontsolidazio perimetroa kontuan hartu barik, BPGaren 0,3ko superabitarekin itxi ziren, Estatuarekin zeuden fluxuen erregularizazioaren ondoren, eta 2018an altuagoa erregistratu zuten, 0,5ekoa, hain zuzen ere. Beraz, 2020ko ekitaldia zero defizitarekin ixtea aurreikusten zuen kontsolidazio fiskala hiru urte lehenago lortu da, eta 2019ko aurrekontuan gorde beharreko balioa izan da.
Urtearen amaieran, zor maila %13,6koa zen. Estatuarekin sinatutako akordioan %14,2koa aurreikusten zen, Aurrekontu Egonkortasunerako Legean aurreikusitako %13a 2020rako lortzeko helburuarekin. Beste ezein administrazio ez dago hori lortzeko moduan. Azpiazu Sailburuak Eusko Jaurlaritzaren 0 defiziteko estrategia berretsi du, eta adierazi duenez, diru-bilketarako aurreikusten den bilakaera kontuan izanda, 2019a BPGren 0,2 inguruko superabit txikiarekin itxi ahal izango da.