Ekonomia -
Auzitegi Nazionala
Villarejo auzian BBVA pertsona juridiko gisa auzipetzea eskatuko du gaur Fiskaltzak
Auzipetze-idazkia goizean zehar aurkeztuko du. Finantza erakundeak Sacyrren EEP areriotsuaren ondotik komisario ohiari ustez eskatutako espioitza lana du jomuga.
Agentziak | Erredakzioa
Villarejo auzian BBVA pertsona juridiko gisa auzipetzea eskatuko du gaur Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak, eroskeria, sekretuak agerraraztea eta ustelkeria egotzita.
Fiskaltzaren iturriek jakinarazi dutenez, idazkia goizean zehar aurkeztuko dute Manuel Carcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean (berak darama ikerketa).
Zehazki, Villarejo auziaren 9. piezan dago nahastuta finantza erakundea. Ikerketaren arabera, finantza erakundeak espioitza lana egiteko eskatu zion Jose Manuel Villarejo Espainiako Poliziaren komisario ohiari Sacyrrek Erosteko Eskaintza Publiko (EEP) areriotsu egin zuenean (2004an).
BBVAren egungo zein iraganeko dozena bat kargudunek ikertu gisa deklaratu zuten urtarrilean. Besteak beste, Angel Cano kontseilari delegatu izandakoa edota Julio Corrochano segurtasun arduradun ohia azaldu ziren epailearen aurrera. Azken horri bakarrik jarri zizkioten kautelazko neurriak (zehatz esanda, 300.000 euroko fidantza).
Ia denek deklaratzeari uko egin zioten. Antonio J. Bejar Gonzalez izan zen estrategia hori bete ez zuen bakarra. BBVAren Higiezinen Arrisku eta Errekuperazio arloaren burua izandakoak bere abokatuaren galderei erantzunez adierazi zuenez, BBVAk Cenyt Villarejoren enpresa kontratatu zuela baieztatu zuen.
Ondoren, Villarejo bera galdekatu zuten epaileak eta fiskalek. Komisario ohiak kontratua izan bazela berretsi zuen, baina "espioitza lanak" egin zituela ukatu zuen.
Azaldu zuenez, inteligentzia zerbitzuetako arduradunek agente estali moduan jarduteko eskatu zioten, EEPa "atzerriko potentzia batek Espainiaren subiranotasun ekonomiko eta politikoaren kontra egindako erasoa" zelakoan.
Villarejok ez zuen argitu BBVAko zein kargudun kontratatu zuen, baina Corrochano izan zitekeela iradoki zuen. Ikerketaren arabera, BBVAk bost milioi euroko kontratua izenpetu zuen Cenyt enpresarekin.