Ekonomia -
Desberdintasuna
Emakumeen soldatak gizonenak baino % 23,6 txikiagoak dira EAEn
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak aurrenekoz emakumeen lan baldintzei eta egoerari monografiko bat eskaini die 2018ko txostenean.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) emakumeek gizonek baino errenta txikiagoa (% 23,6), soldata arrakala eta behin-behinekotasun tasa handia pairatzen dute. Ondorioz, Euskadin "pobrezia eta bazterketa arriskua femeninoa da gehienbat".
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak aurrenekoz emakumeen lan baldintzei eta egoerari monografiko bat eskaini die 2018ko txostenean. Emakumezkoen diru-sarrerak gizonenak baino "askoz txikiagoak" direla egiaztatu du Batzordeak, langileen zein pentsiodunen artean. Ondorioz, gizarte diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsona gehienak emakumeak dira.
Horrela, errenta pertsonala desberdina da; izan ere, gizonek emakumeek baino 10.000 euro gehiago dituzte. Gizonen kasuan batez besteko errenta 25.696 eurokoa da, eta 15.578 eurokoa emakumeen kasuan. "Genero arrakala baieztatu dute", emakume langileek 24.166 euroko irabazi gordina lortu zuten urtean, gizonek baino % 23,6 gutxiago (31.619), emakumeek gizonek baino ordu gutxiago lan egiten dituztelako.
Gainera, emakumeen batez besteko pentsioa 934,43 eurokoa da hilean, gizonena 1.592,25 eurokoa denean. Bi sexuen arteko aldea % 70,4koa da.
Emakumeen jarduera tasa % 52koa da, gizonena % 61ekoa; emakumeen kontratuen % 26,5 lanaldi partzialekoak dira, gizonen kasuan % 7,1 baino ez, eta luzaroko langabeen % 55,5 emakumezkoak dira.
Batzordeak azpimarratu duenez, Euskadiko emakumeak gizonak baino 6,2 urte gehiago bizi dira (86,5 urte; gizonak 80,3 urte). Emakumeek jarduera tekniko eta zientifikoak baztertu, eta osasun eta zaintzarekin lotutako ikasketa eta lanbideak hautatzea saihesteko neurriak hartzea planteatu du erakundeak.