Ekonomia -

Lan-gatazka

Novaltia konpainiako langileek greba mugagabea hasi dute

Sindikatuen hitzetan, gaurko lanuztea beharginen % 85ek babestu dute. Zuzendaritzaren ahotan, ostera, langileen % 48k soilik egin dute greba.

Botikak. EiTBko bideo batetik ateratako irudi bat.
Novaltia konpainiako langileek greba mugagabea hasi dute.
Botikak. EiTBko bideo batetik ateratako irudi bat.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Novaltia botika banatzailearen langileek greba mugagabea abiatu dute Bizkaian, astelehen honetan. Sindikatuen hitzetan, gaurko lanuztea beharginen % 85ek babestu dute. Zuzendaritzaren ahotan, aldiz, langileen % 48k soilik egin dute greba.

ELA sindikatuak (gehiengoa du enpresa-batzordean) ohar baten bidez azaldu duenez, grebaren helburuak enpresa-hitzarmena berreskuratzea, azpikontratazioa mugatzea eta aldi baterako langileen baldintzak hobetzea dira, "gehiegikeriak saihesteko".

Zuzendaritzak "enpresa hitzarmena berritzeko negoziazioak haustea eta Estatuko hitzarmena aplikatzea" erabaki zuen urte hasieran, sindikatuaren hitzetan. Euskadiko botika banatzaile nagusia da Novaltia.

Egoerak "beharturik", enpresa-batzordeko ordezkariek greba mugagabea deitzea erabaki zuten.

Era berean, soldata hobekuntzak eskatu ditu sindikatu abertzaleak, hala nola, "azken kontratazioek pairatzen duten soldata eskala bikoitza ezabatzea", "langile kopuru handi batek lanbide arteko gutxieneko soldata izatea onartezina delako".

ELAk azaldu duenez, Novaltiako beharginak Zaratamoko (Bizkaia) lantegian egongo dira gatazkak irauten duen bitartean. Langileak kooperatibako botika bazkide guztietatik pasatuko dira aste honetan, egoeraren berri emateko.

Novaltia 2013an sortu zen, Aragofar (Aragoi) eta Vascofar (Euskadi) konpainiek bat egin ondoren. 200 langile ditu lau gune logistikotan (Zaragoza, Zaratamo, Gasteiz eta Calatayud), eta 1.000 bazkide baino gehiago, kooperatibak bere webgunean kaleratutako datuen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia ELA Grebak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sindikatuak Sendagaiak Enpresaburuak Lan gatazkak Farmaziak