Ekonomia -

Industria

Jaurlaritzak enpresei zuzendutako finantzaketa tresna berriak abian jarri ditu

Jarduera-fase ezberdinetan dauden "industria-enpresa lehiakorrak errotzen laguntzeko estrategia bat da".

Arantxa Tapia, Iñigo Urkullu, eta Pedro Azpiazu neurri berrien aurkezpenean. Argazkia: Irekia
Arantxa Tapia, Iñigo Urkullu, eta Pedro Azpiazu
Arantxa Tapia, Iñigo Urkullu, eta Pedro Azpiazu neurri berrien aurkezpenean. Argazkia: Irekia

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak astelehen honetan iragarri duenez, ordezko kapital-erremintak zehaztu eta martxan jarri dituzte, EAEko industria sendotzen eta finkatzen laguntzeko. Horretarako, 175 milioi euro bideratuko dituzte.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak eta Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak finantzaketa tresna berrien nondik norakoak azaldu dituzte. Urkulluren esanetan, jarduera-fase ezberdinetan dauden enpresa lehiakorrak errotzen laguntzeko estrategia bat da.

Horrenbestez, alde batetik, EAEk parte-hartze publiko-pribatua izango duen funts berri bat izango du; kapitalaren gehiengoa pribatua izango da, eta kudeaketa ere pribatua izango da.

Erreminta berri hori abian jarriko dela jakitera eman diote jada Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari. Horrek baimena eman behar du oraindik, baina erreminta berria udazkenean abian izatea espero dute.

Funts berri horrek udazkenean amaituko du lehenengo fasea, eta 100 milioi eurorekin itxiko da, nahiz eta helburua den bigarren fase batean, diru gehiago hornituta, 200 milioi euroraino iristea.

Bestalde, Pedro Azpiazu sailburuak Finkatuz funtsa aurkeztu du; enpresa handitan parte hartzeko tresna bat da, eta epe luzera jarduten du EAEko ekonomian errotzen laguntzeko. Parte-hartze hori elementu estrategikotzat jotzen du Eusko Jaurlaritzak, enpresa horiek trakzio-elementu gisa jardungo dutela bermatzeko.

Bere garaian iragarritako konpromisoei jarraituz, jada 75 milioi gehiago zuzendu dituzte Finantzen Euskal Erakundearen funts propioetara, eta 2020an legealdi honetarako hitzemandako 100 milioira iritsiko dira.

Bestalde, legealdi honetan Eusko Jaurlaritza 41 start up berrien kapitalean sartu da, azpimarragarriak dira 6 enpresa txiki eta ertainetan hazten laguntzeko egindako ekarpenak, eta baita CAFen egindakoak ere, enpresa estrategikoa baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Industria albisteak