Ekonomia -
Lan istripua
Langile bat hil da Mungiako Lamincer enpresan
Orga jasotzaile (fenwick) batek 57 urteko behargina harrapatu du. Hildakoa Sukarrietakoa zen. Enpresa-batzordeak 24 orduko greba deitu du datorren astelehenerako, protesta egiteko.
eitb.eus
Sukarrietako behargin bat bere lanpostuan hil da Mungiako (Bizkaia) Thyssenkrupp Materials Processing Lamincer S.A. enpresan, LAB sindikatuak Twitter sare sozialean aurreratu duenez. Lantegia Aritz Bidean dago. Hildakoak 57 urte zituen.
Ondoren Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zehaztu duenez, 12:40 aldera partikular batek larrialdi zerbitzuei deitu die, enpresa horretan langile bat zauritu dela jakinarazteko. Ertzaintza eta Udaltzaingoa bertaratu dira.
Era berean, anbulantzia bat eta Osakidetzako helikopteroa joan dira, baina azkenean ez dute langilea eraman beharrik izan, 14:20 aldera osasun langileek heriotza baieztatu baitute.
Sindikatu abertzaleak azaldu duenez, antza denez, hildakoa orga jasotzaile (fenwick) batek harrapatu du. Aurrealdean bobina handi bat zeraman, horregatik ezin izan du lankidea ikusi.
Enpresa-batzordeak 24 orduko greba deitu du datorren astelehenerako, protesta egiteko; eta elkarretaratze bat 10:30etik 11:30era lankidearen omenez. Hildakoa UGT ordezkaria zen lantegian.
Enpresa-batzordeak deitutako protestez gain, UGTk beste elkarretaratze bat deitu du datorren astelehenerako, 19:00etan, Mungiako udaletxearen aurrean.
LABek salatu duenez, azken honekin dagoeneko 28 langile hil dira Euskal Herrian 2019an, horietako hiru uztailean.
"Ematen du berriro gaudela istripuen udako gorakadaren aurrean, Euskal Herrian astean langile bat hiltzera eramaten duena. Gure ustez, igoera hau, gainontzeko lan-istripuak bezala, ez da kasualitatearen ondorio", salatu du sindikatuak.