Ekonomia -
Lan-istripua
Anoetako lanen lan-baldintzak salatu dituzte sindikatuek
Lan-istripuaren nondik norakoak argitzeko ikerketa sakona abiatzeko eskatu dute ordezkari sindikalek.
Agentziak | Erredakzioa
EAEko sindikatuek elkarretaratzea egin dute ostiral honetan, Anoetako futbol zelaiaren berritze lanetan asteazkenean zauritutako beharginaren lan-istripua gaitzesteko, baita lan horien lan-baldintza "txarrak" salatzeko ere.
ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek deitutako elkarretaratzean hogeita hamar bat lagunek parte hartu dute, langileen esplotazioa salatzeko.
Andoni Larraldek (ELA) eta Lourdes Erasok (LAB) elkartasuna erakutsi eta laguntza eskaini diote zauritutako 51 urteko langileari. Gizona 20 metroko altueratik erorita zauritu zen, eta larri ez dagoen arren "luzerako susperraldia" izango du, Larralderen esanetan.
"Lan-istripuaren nondik norakoak argitzeko ikerketa sakona abiatzeko" eskatu dute ordezkari sindikalek; ELAren hitzetan, "ez da kasualitatea lan-istripua gertatu izana, mozkin ekonomikoak beharginen segurtasunaren eta bizitaren aurretik jartzen baitituzte". Horrenbestez, "epe estuak ezarri, lanaldi bukaezinak, lan erritmo gogorrak eta segurtasun neurrien falta" nagusi direla salatu dute.