Ekonomia -

AKORDIOA

Bertan behera geratu dira Loiuko aireportuko lanuzteak, bi aldeek akordioa lortuta

Sindikatuek eta Aenako ordezkariek bilera egin dute goizean, eta langileek onartu egin dute enpresak mahai gainean jarritako azken proposamena. Hala, bertan behera utzi dituzte protestak.

Loiuko Aireportuko langileak, protestan. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE.
Aenako langileak, protestan
Loiuko Aireportuko langileak, protestan. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aenako langileek Loiuko aireportuan deituta zituzten lanuzteak bertan behera geratu dira, patronalak eta sindikatuek akordioa lortu ondoren.

Sindikatuek eta Aenako ordezkariek bilera egin dute goizean, eta langileek onartu egin dute enpresak mahai gainean jarritako azken proposamena.

CCOO, ELA, LAB eta USO sindikatuek deitu zituzten lanuzteak, langile kopurua areagotzea eskatzeko, aireportuko lan kargak gora egin duelako. Igande honetan bertan greba egin behar zuten.

Ostiral honetan aldeek bilera berria egin dute. Aenak proposamen berri bat jarri du mahai gainean, eta langileen batzarrak onartu egin du. Ondorioz, Aenako beharginek lanuzteak bertan behera uztea erabaki dute.

Konkretuki, 24 orduko greba egin behar zuten uztailaren 21, 25, 28 eta 31n, abuztuaren 15, 18, 25 eta 31, eta irailaren 1ean. Gainera, arratsaldeko seietatik gauerdira arte lanuzteak deitu zituzten uztailaren 24rako eta abuztuaren 1 eta 14rako.

Bi aldeek egindako akordioaren arabera, hainbat arlotan lantaldeak handituko dituzte eta beste askotan langile gehiago izateko aukera aztertzeko konpromisoa hartu dute.

Segurtasunaren arloan, berriz, ez dira ados jarri eta Aenak uko egin dio suhiltzaileen lantaldea handitzeari. Gauzak horrela, eta lanuzteak bertan behera utzi arren, batzorde mistoa osatuko dute aurrerantzean ere negoziatzen segitzeko.  

Langileen batzordeak azpimarratu du mobilizazioak erabakigarriak izan direla gatazka honetan eta, ondorioz, zuzendaritzari "jarrera aldatzeko" eta "harremanak normalizatzeko" eskatu dio, "azken urteotako autoritarismoa albo batean utzita".  

Legez kanpoko zerbitzu minimoak

Bestalde, Bilboko lan-arloko epaitegiak oinarrizko eskubideen inguruko epaia igorri zuen iragan asteartean. Epaiketa astelehenean egin zuten. Loiuko aireportuko langileek greban bete beharreko gutxieneko zerbitzuei buruzko ebazpena argitaratu zuen Sustapen Ministerioak.

Aenak eta aireportuko zuzendaritzak egin zuten irakurketa "legez kontrakoa" izan dela ebatzi zuen epaitegiak. Gainera, "jokabide horrekin jarraitzea espresuki debekatu zien" biei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bilbo Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak