Ekonomia -
Mercedes
Gasteizko Mercedes lantegiko zuzendariak Administrazio Kontseilua utzi du
Emilio Titosek esan du arrazoi pertsonalak direla eta hartu duela erabakia. Duela bi hilabete urtebeteko kartzela-zigorra ezarri zioten auto-istripu bat eragiteagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emilio Titos Espainiako Mercedes-Benzeko eta Gasteizko lantegiko zuzendariak iragarri du Alemaniako konpainiaren Administrazio Kontseilua utzi duela, "arrazoi pertsonalak tarteko".
Duela bi hilabete urtebeteko kartzela-zigorra ezarri, eta gidabaimena bi urterako kendu zioten, 2016ko irailean Herrera mendatean istripu bat eragin izana egotzita. Semearekin batera Mercedesen bi ibilgailu probatzea erabaki zuen, eta abiadura handian zihoazela beste auto bat errepidetik aterarazi zuten.
EFE albiste-agentziak Gasteizko lantegiko iturriak aipatuta zabaldu duenez, Titosen erabakiak ez du loturarik auzi horrekin. Horren harian, gogora ekarri dute epaia ez dela irmoa, eta, edonola ere, ez duela espetxera joan beharrik izango.
Iturri horien arabera, laster Administrazio Kontseiluko kideak berritzeko prozesua abiaraziko dutelako hartu du erabaki hori.