Ekonomia -
MUGIKORTASUN IRAUNKORRA
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko beste bost estazio jarriko dituzte Donostian
Dagoeneko, karga elektrikoko bi estazio zeuden Gipuzkoako hiriburuan, Anoetan eta Ubegiko ibilbidean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako Udalak eta Iberdrolak ibilgailu elektrikoak kargatzeko beste bost estazio jarriko dituzte martxan, gaur sinatutako hitzarmenaren arabera. Zerbitzua urtebetez doakoa izango da.
Horietako bi karga azkarrekoak izango dira (50 kW), eta hiriko bi puntutan kokatuko dituzte, Federico Garcia Lorca pasealekuan eta Igarako aparkaleku publikoan. Gainerakoak, aldiz, lurpeko aparkalekuetan egongo dira.
Eneko Goia Donostiako alkateak eta David Martinez Iberdrolaren Iparraldeko merkataritza ordezkariak sinatu duten akordioa 2020ko abenduaren 31 arte egongo da indarrean. Hortik aurrera, automatikoki berrituko da, urtez urte.
Lehenengo urtean, estazio horietan ibilgailu elektrikoak kargatzeko behar den elektrizitatearen kostua Iberdrolaren kargu egongo da. Bestalde, Iberdrolak karga estazioak ondo erabiltzeko informazioa eta aholkuak emango dizkie taxilariei nahiz Udalari lotutako zerbitzuetako langileei, hala eskatuz gero.
Bateria % 100 berdea den energiaz kargatuko dute. “Zalantzarik gabe, garraio publikoak gutxiago kutsatu behar du, baina garraio pribatuak ere bere ekarpena egin behar du, eta erabakigarriak izango dira datozen urteak”, adierazi du Eneko Goiak.
2.000 puntu Euskadin
Dagoeneko, Iberdrolak karga azkarreko (50 Kw) 11 estazio ditu EAEn, eta, urte amaieran, 20 gora izatea espero du. Donostian, bi estazio zeuden, Anoetan eta Ubegiko ibilbidean.
Horrez gain, 2021era bitartean, karga elektrikoko 2.000 puntu jarriko ditu EAEn, hainbat etxetan, enpresatan, sarbide publikoko hiritan eta hiriarteko gunetan.
Bestalde, asteburu honetan, Iberdrolak ‘Leihatila Berdea’ jarriko du herritarren eskura, Zuloaga plazan. Gune horretan, mugikortasun iraunkorra eta alternatiba garbiek ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Gainera, mugikortasunaren gune horretan, erakustaldiak eskainiko dituzte, eta ibilgailu elektrikoak probatu ahal izango dira.
Donostia-Madril ibilbidea
Egun Euskal Autonomia Erkidegoa ibilgailu elektrikoz zeharkatzeko ibilbideak hornitu ditu Iberdrolak, baita Donostia Madrilekin, Valladolidekin, Salamancarekin, Burgosekin eta Zaragozarekin, besteak beste, lotzen duten bideak ere.
Hala, esaterako, Donostia-Madril ibilbidea sei aldiz merkeago eta denbora antzekoan egin dezakete ibilgailu elektrikoen (60kWh) erabiltzaileek, Aranda de Dueron bateria kargatuz 5,98 euroko prezioan. Diesel autoan eginez gero, berriz, 28,26 euro ordaindu beharko lituzkete, eta gasolina autoan joanez gero, 36,98 euro.