Ekonomia -

Heriotza

Emilio Ybarra BBVAko presidente ohia 82 urte zituela hil da

Buruko isuri bat izan du. BBVA taldearen historiari egindako ekarpen erabakigarria goraipatu du bankuak.

Emilio Ybarra BBVAko presidente ohia. Argazkia: EFE/ Artxiboa/Jose Huesca
Emilio Ybarra BBVAko presidente ohia.
Emilio Ybarra BBVAko presidente ohia. Argazkia: EFE/ Artxiboa/Jose Huesca

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emilio Ybarra BBVAko presidente ohia Madrilen hil da asteazken honetan. 82 urte zituen. Buruko isuri bat izan du, bankari ohiaren hurbileko iturriek jakitera eman dutenez. 2001ean konpainiako presidentetza utzi zuen.

BBVA taldearen historiari egindako ekarpen erabakigarria goraipatu du bankuak ohar batean. "Latinoamerikako nazioartekotze prozesu arrakastatsuan erabakigarria" izan zela nabarmendu du.

Carlos Torres Villa BBVAko presidenteak Ybarrari eskerrak eman dizkio agiri batean, bankua zuzendu zuen garaian egindako lan "bikainagatik".

Ybarra 1936ko azaroaren 9an jaio zen, Donostian. Zuzenbidean lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean, eta Ekonomia Zientziatan Deustuko Unibertsitatean.

Ibilbide profesionalaren zatirik handiena bankuetan eman du. 1976an Bilbao Bankuko kontseilari delegatu izendatu zuten, eta ondoren presidenteorde. Beranduago Bilbao Vizcaya bankura (BBV) heldu zen.

Entitatea Argentariarekin bat egin ondoren, Francisco Gonzalezekin batera konpainia zuzendu zuen. Ondoren Gonzalez presidente bakar bezala geratu zen 2018ra arte.

2001eko abendura arte BBVAren presidentetzan izan zen Ybarra. Orduan kontseilari delegatua izateari utzi zion, BBV eta Argentariaren arteko bat-egite prozesua arrakastarekin bukatu zela iritzita; hala ere, BBV Fundazioko presidentetza mantendu zuen, baita toki bat BBVA Bancomer (Mexiko) filialeko Administrazio Kontseiluan ere.

Kontu sekretuak zerga-paradisuetan

2002ko apirilaren 11n kargu guztiak utzi zituen Ybarrak, Espainiako Bankuak BBVAri espedientea zabaldu ondotik. Ikerketak Alico entitatearen funtsak izan zituen jomuga. Antza denez, paradisu fiskaletako kontu sekretuetan zuten jatorria. Argentariarekin bat egin ondoren, funtsak BBVko kontseilarien soldata galera arintzeko erabili zituzten.

Auzitegi Nazionalak Ybarra zigortu zuen 2005eko azaroaren 25ean. Sei hilabeteko espetxe-zigorra eta 27.000 euroko isuna ezarri zion diruaz bidegabe jabetzeagatik.

Baina ez zuten espetxeratu, zigor arina zelako eta bankariak aurrekaririk ez zuelako. Auzitegi Gorenaren aurrean helegitea aurkeztu zuen Ybarrak. Gorenak 2006ko azaroan absolbitu zuen. Pentsio funtsak osatzeko BBVAko Administrazio Kontseiluaren baimena zuela ebatzi zuen Auzitegiak.

Auzitegi Nazionalak "kontu sekretuen" auzia artxibatzea berretsi zuen 2007ko maiatzaren 11an. Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak bi urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatu zuen 2006ko otsailean, agiriak faltsutzea egotzita.

Aldez aurretik, Ybarra BBVArekin lotutako  prozesu judizialetan eta Filesa auzian inputatu zuten, baina guztietan absolbitu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia BBVA Deustuko Unibertsitatea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Madril