Ekonomia -
MERKATARITZA ELEKTRONIKOA
Europako Batzordea Amazon ikertzen ari da, lehiaren arauak urratu dituelakoan
AEBko multinazionalak merkatari independenteen 'isilpeko informazioa' bildu eta erabiltzen duenaren susmoa du Bruselak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europako Batzordeak Amazon multinazionala ikertuko du, lehiaren arauak urratu ote dituen ala ez argitzeko.
On line bidezko saltoki gisa ez ezik, merkatari independenteen erakusleiho eta merkatu gisa funtzionatzen duen plataformak azken horien "isilpeko informazioa" bildu eta erabiltzen duenaren susmoa du Bruselak.
"Merkataritza elektronikoak txikizkako merkataritzaren baitan lehia areagotu du aukerak handitu eta prezioak murriztu ditu. On line plataformek lehiaren kontrako jarrera ez izatea eta onura horiek ez kentzea ziurtatu behar dugu", adierazi du Margrethe Vestager Lehia komisarioak ohar batean.
Ikerketaren baitan hainbat kontu argitu nahi ditu Europako Batzordeak. Alde batetik, ea bere plataforman diharduten beste saltzaile batzuen datuak bildu eta erabili ote izan dituen, lehiari eraginez. Bestetik, datu horiek erosketa egiterakoan duten eragina aztertu nahi du, hots, erosketa orgarako sarbide zuzena ematen dien ala ez (klik bat eginda produktua erosketa orgara igarotzen ote den).
Edozein kasutan, Europako Batzordearen arabera, ikerketa bat ireki izanak ez du esan nahi emaitza idatzita dagoenik. Bruselak Amazon multinazionala eta AEBko agintariak jakinaren gainean jarri ditu.