Ekonomia -
Greba aireportuan
Aenak Loiun ezarritako gutxieneko zerbitzuak 'legez kontrakotzat' jo dituzte
Aenak eta Loiuko aireportuko zuzendaritzak egindako irakurketa "legez kontrakoa" dela azaldu du Bilboko epaitegi batek; ondorioz, "jokabide horrekin jarraitzea espresuki debekatu die", ELAren arabera.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko lan-arloko epaitegiak oinarrizko eskubideen inguruko epaia igorri du astearte honetan. Epaiketa iragan astelehenean egin zuten. Loiuko aireportuko langileek greban bete beharreko gutxieneko zerbitzuei buruzko ebazpena argitaratu zuen Sustapen Ministerioak. Aenak eta aireportuko zuzendaritzak egin zuten irakurketa "legez kontrakoa" izan dela ebatzi du epaitegiak orain. Gainera, "jokabide horrekin jarraitzea espresuki debekatu die" biei, ELAren arabera.
ELA sindikatuak jakitera eman duenez, nahiz eta epaian kalte-ordaina merezi duen urraketa zehatzik ez aipatu, "Loiuko aireportuko zuzendaritzak hartutako neurriak mantentzerik ez dagoela argi geratu da, greba egotekotan, abiatu eta heltzen diren hegaldietan eragin zuzena izango du horrek; izan ere, hegaldi babestuak soilik mantendu ahal izango dituzte".
Hala ere, ELAko zerbitzu juridikoek epai horren aurkako helegitea aurkezteko aukera aztertuko dute, langileen eskari guztiak aintzat hartzea eskatzeko.