Ekonomia -

'Learning Tour' bat egiteko

EAEk New Yorkeko ordezkaritza bat hartuko du 2020an

EAEko gizarte-ekonomia ereduaren nondik norakoak ezagutzera gonbidatu ditu lehendakariak New Yorkeko ordezkariak.

Phil Thompson eta Iñigo Urkullu New Yorken izandako bileran. Argazkia. Irekia
Phil Thompson eta Iñigo Urkullu New Yorken izandako bileran
Euskal politika sozio-ekonomikoek interesa piztu dute New Yorken

1:28

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Phil Thompson New Yorkeko alkateordea eta James Sanders New Yorkeko estatuko senataria EAEra etortzera gonbidatu ditu, Eusko Jaurlaritzak EAEn ezarritako ekonomia soziala ezagut dezaten "Learning Tour batean".

Hala adostu dute astelehen honetan lehendakariak New Yorkeko Udaleko zein estatuko ordezkariekin egindako bileran, EAEko gizarte-ekonomia ereduan sakondu eta New Yorkeko herritarrei eskaini nahi baitiete.

Bilera New Yorkeko udaletxean izan da, eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat bertan izan da bisita ofiziala egiten.

Urkulluren esanetan, bileran EAEko ekonomia eta gizarte ereduaren nondik norakoak jorratu dituzte, baita EAEk eta New Yorkek "komunean dituzten puntuak" ere. Horrenbestez, New Yorkeko hiria eta estatua gonbidatu ditu eredu horren ezagutzan sakontzeko. Bisita hori datorren urtearen hasieran izango dela jakinarazi du lehendakariak.

New Yorkeko ordezkariek, esaterako, EAEko ekonomia soziala zein espezializazio adimenduna eta adimen artifizialaren ingurukoak ezagutu nahi dituzte, baita hezkuntza, hirugarren adinekoei eskainitako gizarte-laguntza eta ekoizpen-ekonomiaren nondik norakoak ere.

Bilera "oso emankorra" izan dela eta enpresen arteko zein enpresa pribatu eta administrazio publikoen arteko harremana sendotzeko balio izatea espero duela esan du lehendakariak.

Bestalde, New Yorkeko alkateordearen hitzetan, EAEko ereduari esker, "asko ikasi dut berrikuntza sozial eta ekonomikoaz". "Elkarrekin lan egiten hasteko desiratzen gaude, gure herriarentzat ekonomia sozial sendoa ezarri nahi baitugu", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza New York Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak