Ekonomia -
Lan gatazka
'Zuzendaritzak eskaintza hobetu du', baina 'gehiago' nahi dute aireportuko langileek
Sindikatuek positibotzat jo dute zuzendaritzaren jarrera, baina, oraingoz, eutsi egin diote uztailerako, abuzturako eta irailerako Loiuko aireportuan iragarritako greba deialdiari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Loiuko aireportuko grebaren harira astelehen honetan zuzendaritzarekin izandako bileraren ondotik, negoziatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute sindikatuetako ordezkariek. Zuzendaritzaren eskaintzan "hobekuntzak" ikusi dituzten arren, horrekin nahikoa ez dutela adierazi dute. Hori dela eta, iragarritako greba deialdiari eutsiko diote.
Aenako langileen greba batzordeko eta Bilboko Aireportuko zuzendaritzako kideek negoziatzeko bilera egin dute gaur bertan, lan gatazkari irtenbidea emate aldera.
Zuzendaritzak egindako eskaintza berriaren aurrean, CCOO, ELA, LAB eta USO sindikatuek osatutako batzorde horrek bertan behera utzi du astelehenerako iragarritako greba eguna.
Esan bezala, batzordeko iturriek azaldu dute "hobekuntzak" egon badaudela, bereziki, prebentzio zerbitzuan eta aireko nabigazioko teknikarien sailean. Halere, oraindik beste sail garrantzitsu batzuetan ez omen dute aurrera egin; suhiltzaileen eta komunikazioko langileen baldintzetan, adibidez.
Edonola ere, sindikatuek positibotzat jo dute zuzendaritzaren jarrera.
Horregatik, negoziatzen jarraitzeko asmoa dute, nahiz eta ez duten, oraingoz, datarik adostu.
Negoziazio horiek esperotako emaitzak izan ezean, langileek greba egingo dute uztailaren 21ean, 24an, 25ean, 28an eta 31n, abuztuaren 1ean, 4an, 11n, 14an, 15ean, 18an, 25ean eta 31n eta irailaren 1ean, sindikatuek deituta.