Ekonomia -
Bilbao BBK Live
Salatutako lan baldintzak azpikontratatutako enpresei egotzi die Last Tourrek
Bilboko konpainiak ohar batean nabarmendu du "lan duinaren aldeko konpromisoa" dutela, eta "baldintzak hobetzeko ahalegina" egiten dutela urtez urte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilbao BBK Live jaialdia antolatzeaz arduratzen den Last Tour konpainia bilbotarrak adierazi du hainbat gazte taldek eta langile ohik salatutako "12 orduko lanaldiak" eta "orduko 4 euroz azpiko soldatak" promozio lanetik harago doazela, eta beraz, horretarako beren-beregi azpikontratatutako enpresek dutela lan baldintza horien gaineko ardura.
Ohar batean, Last Tourrek zera argitu nahi izan du: "Jaialdiaren harira argitaratutako iruzkinekin lotuta, argi utzi nahi dugu hitzarmen horien ardura ez dela gurea, hau da, azpikontratatutako enpresak daudela horren atzean".
Halaber, ohar horretan esan du "lan duinaren aldeko konpromisoa" dutela, eta "baldintzak hobetzeko ahalegina" egiten dutela urtez urte.
Bukatzeko, kaltetutako langile guztiei agindu die jaialdian zehar gertatutako arazo ororen berri emateko, hurrengo edizioetan berriro ere horrelakorik gerta ez dadin.
Iragan ostiralean Eragin Bilbok, Bilboko Gazte Prekarizatuen Asanbladak, protesta egin zuen Bizkaiko hiriburuan Bilbao BBK Live jaialdiko langile askoren lan baldintzak salatzeko.
Mikel Ruiz Asanbladaren bozeramaileak orduan azaldu zuenez, Last Tourrek azpikontratatutako beharginek bereziki dituzten lan baldintza txarren inguruko lehen informazioak jaso zituztenean hasi ziren protesta mugitzen.
Asanbladak kartel bat jarri zuen sare sozialetan egoera hori salatzeko, eta denbora tarte gutxian lekukotza "ugari" jaso omen zituzten.
Bestalde, lan baldintza prekarioak salatu ditu LAB sindikatuak ere. Sindikatuaren arabera, orduko lau euro edo gutxiagoko soldata jasotzen dute 12 ordu edo gehiagoko lanaldien truke.