Ekonomia -

Lan gatazka

Eragin Bilbok salatu du BBK Liven 'XIX. mendeko' lan baldintzak dituztela

Bilboko Gazte Prekarizatuen Asanbladak protesta egin du 15 orduko lanaldietan orduko 3,5 euro jasotzen dituzten langileen testigantzak jaso ostean.

Eragin Bilboren protesta, Kobetamendira igotzeko ilara atzean duela. Argazkia: EiTB
Eragin Bilboren protesta, Kobetamendira igotzeko ilara atzean duela. Argazkia: EiTB
Eragin Bilboren protesta, Kobetamendira igotzeko ilara atzean duela. Argazkia: EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eragin Bilbok, Bilboko Gazte Prekarizatuen Asanbladak, protesta egin du Bizkaiko hiriburuan Bilbao BBK Live jaialdiko langile askoren lan-baldintzak salatzeko.

Mikel Ruiz Asanbladaren bozeramaileak azaldu duenez, Last Tourrek, jaialdiaren antolatzaileak, azpikontratatutako beharginek bereziki dituzten lan-baldintza txarren inguruko lehen informazioak jaso zituztenean hasi ziren protesta mugitzen.

Asanbladak kartel bat jarri zuen sare sozialetan egoera hori salatzeko, eta denbora tarte gutxian lekukotza "ugari" jaso omen dituzte. Ruizen esanetan, Valentziatik joaten dira Bilbora lanera azpikontratatuta "15 orduko lanaldiak egitera, orduko 3,5 euroren truke, XIX. mendekoak izango liratekeen baldintzetan".

Gainera, Asanbladako eledunak esan du kontraturik gabe iristen direla, kontratua "whatsappeko taldea" dela, hor jasotzen dituztela "aginduak", eta "onartzen ez dituztenak kaleratu" egiten dituztela.

Jaialdian azpikontrata baten bitartez lan egin zuen gizonezko batek parte hartu du protestan, eta adierazi du kanpotik eta azpikontratatuta iristen diren langileena dela egoera okerrena, jaialdian bertan kanpin dendetan egin behar dutelako lo, eta jaialdiko postuetan erositakoa jan eta edan behar dutelako, "horrek suposatzen duen gastuarekin".

Eragin Bilbok iragarri du urrats gehiago iragarriko dituztela lekukotza guztiak jaso ostean. Testigantza horietako asko Twitterreko hari honetan argitaratzen ari dira:

Horrez gain, gogorarazi dute Udalak 1,4 milioi euroko laguntza ematen diola jaialdiari eta, horregatik, esku hartzea eskatu diote.

Bestalde, LAB sindikatuak ere salatu ditu BBK Live jaialdiko langileen lan-baldintzak. Ohar batean azaldu duenez, kasu askotan "enpresa horiek ez dituzte kontratuak egiten eta arduragabekeriaz eta inpunitate osoz jokatzen dute, izugarrizko kontrol falta dagoelako instituzio publikoen partetik".

Horren guztiaren ardura jaialdia antolatzen duen enpresari ez ezik, Bilboko Udalari ere leporatzen dio sindikatuak. Izan ere, Bilboko Udalak musika jaialdiaren antolaketa finantzatu du eta, gainera, diru publikoarekin finantzatutako zerbitzu publikoak, garraioa kasu, ekitaldi horren zerbitzura jarri ditu.

Sindikatuaren hitzetan, ez da kasu isolatu bat, "joera estruktural bati erantzuten dion errealitate bat baizik". "Subkontratatazioa, externalizazioa eta prekarizazioaren finantzaketa dira, hain zuzen ere, EAJ eta PSEk gidatutako instituzio publikoen ohiko praktika", salatu du.

Halaber, neurriak hartzeko eskatu dio Lan Ikuskaritzari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
BBK Live 2024 Bilboko azken albisteak Lana albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Kultura Albisteak Lan gatazkak azken ordukoa