Ekonomia -

Lan-gatazka

Hogei hegaldi inguru, bertan behera geratzeko arriskuan Loiuko greba dela eta

Aireportuko arduradunek, ordea, ez dute hegaldiekin arazorik espero. Langileek elkarretaratzea egingo dute eguerdian.

Loiuko aireportua. ETBk emititutako bideo batetik hartutako irudia.
Loiuko aireportua. ETBk emititutako bideo batetik hartutako irudia.
Loiuko aireportua. ETBk emititutako bideo batetik hartutako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Aireportuko langile batzordeak uste du hogei hegaldi inguru bertan behera geratuko direla igande honetan Loiun, “lan-karga gorakada salatzeko” deitutako greba dela eta. CCOO, ELA, LAB eta USO sindikatuek osatzen dute greba batzordea.

Asteazkenean, Aenarekin izandako bilerak porrot egin ondoren, uda osoko mobilizazio egutegiari eustea erabaki zuten Loiuko aireportuko langileek. Gauzak horrela, igande honetako greba egun osokoa izango da, eta astelehenerako, aldiz, 18:00etatik 00:00etara bitartean deitu dituzte lanuzteak.

Sindikatuek uztailaren 7rako deituta zegoen greba bertan behera utzi zuten, negoziazioak bide onetik hasi zirela ikusita. Alabaina, bi aldeak ez ziren akordio batera heldu, eta langileek lanuzteei berrekitea erabaki zuten.

Gauzak horrela, langileen batzar batean aho batez erabaki dute igande honetarako deitutako grebarekin aurrera jarraitzea, eta egun horretan 15 eta 20 hegaldi bitartean bertan behera geratuko direla uste du batzordeak.

Aenako iturriek jakitera eman dutenez, iganderako 143 hegaldi aurreikusita daude Loiuko aireportuan, eta, astelehenerako, berriz, 155; horietatik 57, lanuzteak egingo dituzten orduetan.

Asteleheneko grebaz gain, Aenako langileek elkarretaratzea egingo dute eguerdian, aireportuko harreran. Egun hauetan egingo dute greba: uztailaren 14an, 15ean, 21ean, 24an, 25ean, 28an eta 31n; abuztuaren 1ean, 4an, 11n, 14an, 15ean, 18an, 25ean eta 31n; eta azkenik, irailaren 1ean.

Iker Gonzalez batzordeko presidenteak adierazi duenez, Aenak asteazkeneko bileran izan zuen jarrera azaldu zieten batzarrean, eta, bere ustez, “negoziatzeko inolako asmorik gabe” agertu zen Aena.

“Ez zuten proposamen berririk egin. Aurreko astean esandakoa errepikatu zuten, aurrera egiteko nahikoa ez zela bazekitenean”, azaldu du Gonzalezek. Dena dela, batzordea negoziatzeko prest dagoela berretsi du: “Deia jasotzen dugunean, bildu egingo gara”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bilbo Bizkaia Grebak albisteak EAE albisteak Lana berriak Ekonomia Bilbo erdialdeko sarbidea Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak gaur