Ekonomia -
OPOSIZIOAK GASTEIZEN
Ia 5.000 pertsona egiten ari dira Arabako Foru Aldundiko oposizioak asteburu honetan
Arabako Foru Aldundiaren lan-eskaintza publikoko probak egiten ari dira asteburu honetan. 97 lanpostu eskainiko dituzte administrari, zerga-ikuskatzaile laguntzaile eta albaitari kategorietan.
AGENTZIAK|ERREDAKZIOA
Ia 5.000 pertsona aurkeztu dira Gasteizen uztailaren 13an eta 14an egiten ari diren administrazio orokorreko lan-eskaintza publikoaren probetara. Arabako Foru Aldundiaren deialdi horretan, administrari (85 plaza), zerga-ikuskatzaile laguntzaile (6 plaza) eta albaitari (5 plaza) postua lortzeko aukera izango dute probak egin dituztenek. Guztira, 97 plaza esleituko dira.
Foru Aldundiak prentsa-ohar batean azaldu duenez, Arabako hiriburuko hainbat lekutan egin dituzte probak horietara aurkeztu den pertsona-kopurua dela eta.
Zerga-ikuskatzaile laguntzaileen eta albaitarien probak Europa Biltzar Jauregian egin zituzten ostiralean, 16:00etan. Bestetik, administrazioko probetara aurkeztu direnek proba praktikoa zein teorikoa batera egin dute gaur, zenbait egoitzatan.
Lan-eskaintza publiko honen barruan, gainera, zerga ikuskatzaile kategoriarako bi plaza eta informatika teknikari kategoriarako bi plaza eskuratzeko deialdi bana egingo da. Lehengo deialdia, zerga ikuskatzaileena, urriaren erdialdean egingo dute; bigarrenak, geroago.