Ekonomia -

Lan-gatazka

Aguraingo DHLko langileek 52 egun daramatzate greban, lan-hitzarmen baten eske

Beharginek lantegi horretako “baldintza prekarioak” salatu dituzte Gasteizen, eta hitzarmen berri bat eskatu dute. Halaber, zuzendaritzak grebarako eskubidea “urratzen” duela ziurtatu dute.

Aguraingo DHLko langileek 52 egun daramatzate greban. ETBko bideo batetik hartutako irudia.
Aguraingo DHLko langileek 52 egun daramatzate greban, lan hitzarmen baten eske
Aguraingo DHLko langileek 52 egun daramatzate greban lan hitzarmen eske

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aguraingo DHL enpresako langileek manifestazioa egin dute ostegun honetan Gasteizen, lantegi horretako “baldintza prekarioak” salatu eta lan-hitzarmen berri bat eskatzeko. Izan ere, duela 18 hilabete amaitu zen hitzarmena. Langileek 52 egun daramatzate greban, baina zuzendaritzak grebarako eskubidea “urratzen” duela ziurtatu dute.

Aguraingo lantegiak 110 behargin ditu, baina soilik 80 langilek sinatu zuten hitzarmen kolektiboa. Beste 30 langilek “banaka hitzartutako soldatak” dituzte, eta, ondorioz, lan-hitzarmenaren zati bat baino ez zaie aplikatzen. Horrez gain, 40 langile inguruk aldi baterako kontratuak dituzte, eta ez zaie hitzarmen kolektiboa aplikatzen, beharginek ohar batean azaldu dutenez.

Halaber, lan-gatazkari aurre egiteko, zuzendaritzak “lantaldea zatitu” eta gaur egun indarrean dagoen “soldata-eskala bikoitza” mantentzeko asmoa duela gaineratu dute langileek. Ildo horretatik, kontratu berriak hitzarmen kolektiboari lotu beharrean, merkantzia-garraio hitzarmen probintzialera egokitu nahi dituela ohartarazi dute.

Gainera, Aguraingo lantegiko langileek greba egin duten bitartean, eginkizun horiek betetzeko zuzendaritzak “eskirolajea bultzatu” duela salatu dute beharginek. Antza denez, aparteko orduak onartzeaz gain, egunerokoan Aguraingo lantegian egin behar dituzten prozesu jakin batzuk DHL enpresako beste lantegi batzuetara eraman ditu zuzendaritzak.

Langileek azaldu dutenez, grebak eragindako “lan-karga handia dela eta”, zuzendaritzak jakinarazi die 17 pertsona kontratatu dituela aldi baterako. Arrazoi horregatik, beharginek uste dute zuzendaritzak ez duela grebarako eskubidea errespetatzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Grebak gaur Lana albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Agurain bideoak Albisteak Lan gatazkak azken ordukoa Arabako Lautadako kuadrilla