Ekonomia -
GLOBAL TRAINING 2019 BEKAK
400 gaztek atzerrian enpresa praktikak egiteko bekak eskuratu ahalko dituzte
Eusko Jaurlaritzak Global Training 2019 bekak aurkeztu ditu. 30 urtetik beherako 400 gaztek batez beste 8 hilabeteko egonaldia egingo dute prestakuntza hori jasotzeko.
AGENTZIAK|ERREDAKZIOA
Guztira, 400 gaztek Global Training izeneko beka eskuratu ahalko dute atzerrian enpresa praktikak egiteko, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bitartez SPRI Taldeak egin duen deialdiari esker, bekadunek batez beste zortzi hilabeteko formakuntza jasoko dute 51 herrialdetan.
Beka eskatzeko epea uztaila eta iraila bitartekoa izango da. Azaroan, 40 orduko formakuntza jasoko dute hautatuko dituzten bekadunek, eta hilabete horretan bertan hasiko dira bidaiatzen.
Gutxienez 6 eta gehienez 12 hilabeteko bekak dira. Erakunde kolaboratzaileek ahalbidetzen dituzten luzapenei esker, praktikak 8 hilabetekoak izango dira batez beste.
Global Training beken aurrekontua (4,12 miloi euro) honela banatuko dute: hilero 1.400 euro gordineko 400 beka, 6 hilabeteko iraupenarekin; entitate kolaboratzaileentzako plaza bakoitzeko 1.000 euro, gestio gastuetarako; eta 40 orduko formazio gastua, bekadun bakoitzeko eta bekadunen asegurua, bidaia eta mediku zerbitzuak barne.
Bekadunei emango zaien laguntzarekin, garraioa, sei hilabeteko ostatua, mantenua eta bestelako gastuak (bisak, adibidez) ordainduko dituzte. Hilean 1.400 euro inguruko poltsa jasoko dute praktikak egingo dituzten enpresa edo erakundeetan. Horrez gain, laguntza medikoa eta istripu eta bidaietarako asegurua izango dute.
Goi-mailako prestakuntza (graduak, lizentziaturak eta Lanbide Heziketa) egin duten 30 urtetik beherako gazteek eskatu ahal izango dute beka. B1 edo B2 ingeles maila edukitzea beharrezkoa da.
Entitate laguntzaileak
Beken kudeaketan, nazioarteko mugikortasuneko formazio-programetan esperientzia duten ondorengo entitateek parte hartuko dute: Fundacion Novia Salcedo, Ikaslan, AFM, Euskal Ganberak, Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Garapen, Fomento SS, HETEL, Confebask eta Adegi.