Ekonomia -

LAN GATAZKA

Bilboko Aireportuko langileek lanuzteei berrekingo diete

Aenako zuzendaritzarekin bildu dira gaur, eta akordiorik gabe amaitu da bilera. Sindikatuen iritzian, 'adarjotze bat' izan da batzarra eta protestak gogortzeko aukera ez dute baztertzen.

Loiuko aireportuko langileak, aurreko greba bateko protesta batean. Argazkia: EFE.
Loiuko Aireportuko langileak
Uda osoko mobilizazio egutegia, Bilboko aireportuan

1:24

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Loiuko aireportuan uda osoko mobilizazio egutegiari eutsi egiten diote langileek, gaur Aenarekin izandako bilerak porrot egin ondoren. Ez dira akordio batera heldu, eta langileek lanuzteei berrekingo dietela iragarri dute. Hala, datorren igandean, uztailak 14, greba egingo dute.

Langileen batzordearen iritzian, gaur zuzendaritzak mahai gainean jarri dien eskaintzak ez dakar ezer berririk eta "adarjotze bat" izan da. "Argi dago ez dutela akordiorako borondaterik", esan dute beharginek.

Iker Gonzalo (CCOO) langile batzordeko presidenteak adierazi duenez, "batzarra oso gaizki joan da, ez dutelako ezer berririk ekarri eta ez dutelako negoziatzeko borondaterik erakutsi; azkeneko bileran baztertutako gauza bera aurkeztu digute gaur".

"Ekintzak gogortzea pentsatzen ari gara, hau guztia adarjotze bat delako. Igandeko greba bertan behera utzita, Madriletik beste solaskide batzuk etorriko zirela eta aireportuko zuzendaritzak hartu ezin omen dituen erabakiak hartzeko ahalmena izango zutela pentsatzen genuen, baina 'hau da dagoena' esan digute", salatu du.

"Aireportuko jardunerako segurtasunaz edo lan zamaz zein iritzi daukaten galdetu diegunean, zenbait arlo edo departamentutan jendea sobran dagoela erantzun digute, eta hori akabua izan da", kritikatu du.

Gauzak horrela, greba-batzordea asteazken honetan bertan bilduko da eta protestak areagotzea aztertuko dute. Oraingoz lanuzteei eutsiko dietela baieztatu dute, "langileen babesa daukagulako".

Amaitzeko, Iker Gonzalo herritarrei zuzendu zaie, grebaren arrazoiak ulertzeko eskatuz eta ardura Aenarena dela azpimarratuz, "negoziatzeko inolako asmorik ez duelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bilbo Grebak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Lan gatazkak