Ekonomia -
LAN GATAZKA
Bertan behera utzi dute Loiuko aireportuan igande honetarako deituta zegoen greba
Aena eta langileak akordio batera iritsi dira, negoziazio bat abian jartzeko. Langileen batzordearen arabera, patronalak igorri dien proposamenean langileen hainbat 'aldarrikapen' jasota daude.
eitb.eus
Bertan behera geratu da Aena aire konpainiako langileek igande honetarako, uztailak 7, Loiuko aireportuan deituta zuten lanuztea. Sindikatuek gaur egin dute bilera zuzendaritzarekin, eta eskari guztiak onartu ez badira ere, datorren astean negoziatzen jarraitzea adostu dute. Enpresak berak jakinarazi du albistea Twitter sare sozialaren bidez, eta ondoren, langileen batzordeak berretsi egin du ohar batean.
Loiuko aireportuko sindikatuek nabarmendu dutenez, enpresaren proposamena “ez da nahikoa”, baina zuzendaritzaren “borondate ona” ikusita, biharko iragarrita zegoen lanuztea bertan behera uztea erabaki dute. Dena dela, lan-gatazka konpontzen ez den bitartean, indarrean jarraituko dute uztailerako, abuzturako eta irailerako deitutako 16 greba-egunak.
Enpresa batzordeak ohar batean azaldu duenez, patronalak proposamen bat helarazi die larunbat honetan, ostiralean aireportu horretako zuzendaritzarekin bildu ostean. “Bertan, langileek hasieratik mahai gainean jarri dituzten eskari batzuk jaso dituzte”, sindikatuek azaldu dutenez. Besteak beste, bezeroaren arreta zerbitzuan lan-gainkarga jaisteko eta behin-behineko lanpostuak dituzten beharginei lanpostu finkoak errazteko neurriak adosteko prest agertu da Aena.
Langileen iritzian, aire konpainiaren "proposamena ez da nahikoa", baina negoziazio bati ekitea da haien helburua eta hori hartu dute kontuan, "betiere, aireportuko erabiltzaileak ahalik eta gutxien kaltetzeko helburuarekin".
Era berean, lan-gatazka honetan “kanpoko zenbait eragilek egindako ekarpena” nabarmendu du enpresa batzordeak, eta Loiuko aireportuan sortutako “gatazka larriarekin” amaitu dezakeen “negoziaziorako borondateari eusteko” eskatu dio zuzendaritzari.
Halaber, lantaldea handitzea eta langileen lan baldintzak eta kontziliazioa hobetzea eskatzen du CCOO, ELA, LAB eta USO sindikatuek osatzen dute greba batzordeak.
Bi aldeak datorren asteazkenean elkartuko dira berriro, “bide onetik” hasi den negoziazioarekin jarraitzeko. Ildo horretatik, zuzendaritzak aurreratu du erabakitzeko ahalmena duten bitartekariak bidaliko dituela bilerara bere ordez.
Grebak ez die aire-kontrolatzaileei eragingo (Enaireren mendekoak dira), ezta enpresa azpikontratatuetan lan egiten duten langileei ere.
Egun hauetan egingo dute greba: uztailaren 14an, 15ean, 21ean, 24an, 25ean, 28an eta 31n; abuztuaren 1ean, 4an, 11n, 14an, 15ean, 18an, 25ean eta 31n; eta azkenik, irailaren 1ean.