Ekonomia -

Lan-gatazka

Gipuzkoako zahar-etxeetako langileek kanpaldia hasi dute Donostian

ELAk deituta, 80 greba-egun egin dituzte jada. Protesta Donostiako Boulevardera eramanda, lan-gatazka ikusgarri bilakatu nahi dute.  

Gipuzkoako zahar-etxeetako langileek kanpaldia hasi dute Donostian. Argazkia: ELA sindikatua
Gipuzkoako zahar-etxeetako langileek kanpaldia hasi dute Donostian.
Gipuzkoako zahar-etxeetako langileek kanpaldia hasi dute Donostian. Argazkia: ELA sindikatua

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako zahar-etxeetako langileek kanpaldia egingo dute Donostiako Boulevardean, gaurtik hasi eta larunbatera bitartean. ELA sindikatuak deituta, 80 greba-egun egin dituzte dagoeneko.

Idoia Elustondo eta Alazne Mantxoa ordezkari sindikalek agerraldia egin dute Boulevardean, ekimenaren berri emateko eta bere aldarrikapenak azaltzeko.

Grebarik luzeenak (zahar-etxeetako langileena edo polizia-etxe eta epaitegietako garbitzaileena) sektore feminizatuetan izatea ez da kasualitatea, horien esanetan. "Gizarte heteropatriarkal honetan lanak sexuaren arabera banatzen dira eta emakumeen lanak ez da berdin baloratzen", salatu dute.

Horrenbestez, langile-borrokaz gain, eurena borroka feminista ere badela adierazi dute. "Diruaren eta negozioaren gainetik, adinekoei eta menpekotasuna duten pertsonei kalitatezko zaintza ematea aldarrikatzen dugu", erantsi dute.

Egoera honen arduradun nagusia Gipuzkoako Foru Aldundia dela berretsi dute. Gatazkari irtenbidea emateko eskua luzatu diete ELAko ordezkariek Markel Olano ahaldun nagusiari eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuari.

2018ko irailaren 28an egin zuten lehendabiziko lanuztea, eta 80 greba-egun pilatu dituzte ordutik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa ELA Grebak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Lan gatazkak Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak