Ekonomia -
Lan gatazka
24 orduko greba eguna dute gaur Bizkaiko igerileku eta kirol zentroetan
Ostegunean, Bizkaiko patronalaren eta sindikatuen ordezkariak berriz bildu dira hitzarmena negoziatzeko, baina bilera "etsigarria" izan dela esan dute sindikatuek.
EITB.EUS
24 orduko greba eguna dute gaur Bizkaiko igerilekuetako eta kirol zentroetako langileek, "lan baldintza duinak eskatzeko".
Gainera, sindikatuek bost orduko elkarretaratzea deitu dute gaurko, Portugaleteko Churruca Kaiko igerilekuen aurrean. Protesta arratsaldean egingo dute, bertan XXXI. Nazioarteko Waterpolo Txapelketa egiten ari direla baliatuta.
Langileek mobilizazioak egin dituzte aurreko asteetan. Iragan ostegunean, esaterako, beroaldiak gogorren jo zuen egunetako batean, egun osoko greba egin zuten. Grebak "igerilekurik gabe utzi zuen Bizkaia", ELAren hitzetan.
Txandako bi orduko lanuzteak uztailean
Atzo, osteguna, txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak egin zituzten Bizkaiko igerilekuetan eta kirol zentroetan, 11:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era.
ELA sindikatuak lanuzteak izandako jarraipenaren balorazio positiboa egin zuen. Horren arabera, goizeko lanuztean zehar igerileku asko itxita egon ziren, baita zenbait kirol instalazio ere, langilerik ez zegoelako.
Goizean, Bizkaiko patronalaren eta sindikatuen ordezkariak berriz bildu ziren hitzarmena negoziatzeko, eta amaieran bilera "etsigarria" izan zela esan zuten sindikatuek.
Iturri horien arabera, maiatzaren 15ean sindikatuei planteatutako eskaintzaren antzeko bat aurkeztu zuen patronalak. Sindikatuek ez zuten onartu.
Horren aurrean, sindikatuek mobilizazioak bultzatzen jarraituko dute. Uztailaren 9an, 10ean eta 13an ere, txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak egingo dituzte.
Langileen aldarrikapenak
Kirol zentroetako langileen baldintzak hobetzea da sindikatuen helburua. LABeko iturriek eitb.eus-i azaldu diotenez, eskakizunak bi ardatzen inguruan egin dituzte: batetik, lanaldia 35 ordura igotzea (eskakizun horrek ez du presarik, eta progresiboki igotzea proposatu dute), eta bestetik, enpleguaren kalitatea hobetzeko neurriak hartzea (prestakuntzarako eta atsedenerako tartea handitzea, lanpostuak egonkortzea, soldatak egokitzea...).
"16 hilabete daramatzagu negoziatzen, eta gaur-gaurkoz blokeoa dugu", erantsi dute. LABen esanetan, grebaren bezperan bildu dira CEBEKeko ordezkariekin. Azkeneko batzarrean "maximoen proposamen bat" egin zien patronalak, eta ez dute uste hortik mugituko denik. Hala gertatuko balitz, uztailean mobilizazio gehiago egiteko asmoa dute langileek.