Ekonomia -
Volkswagen
Hirugarren modelo bat erakartzeko akordioa sinatu dute VW Nafarroan
UGT, CCOO eta ELA sindikatuek akordioa babestu dute, baina LABek ez, "lan baldintzak nabarmen aldatuko dituelako".
Agentziak | Erredakzioa
Volkswagen Nafarroako zuzendaritzak eta UGT, CCOO eta ELA sindikatuek produktibitatearen inguruko akordioa sinatu dute asteazken honetan, Iruñeko lantegira hirugarren automobil-modelo bat erakartzeko aukera izateko.
LABek azaldu duenez, ez du dokumentua sinatu, "lan baldintzen funtsezko aldaketaren" aurka dagoelako.
Akordioa Wolfsburgeko (Alemania) egoitza nagusiari bidaliko diote, ibilgailu berria lortzeko helburuarekin. Horrela, Polo eta T-Cross modeloekin batera ekoitziko luke Landabengo lantegiak. Lan baldintzen funtsezko aldaketa jasotzen duen beste akordio batekin osatu dute ituna.
Konkretuki, akordioak, besteak beste, sei neurri ditu: 2019ko ekoizpen programa betetzeko hiru, eta balizko hirugarren modeloaren lehiakortasunari buruzko beste hiru, lantegiko zuzendaritzak agiri batean jakitera eman duenez.
Horrela, programa aurrera eramateko hitzarmen kolektiboaren malgutasun neurriak aplikatzea aurreikusten dute, urte bukaerara arte beharrezko txandetan atsedena aldatuz eta larunbatetan behargin boluntarioek lan eginez.
Lan txanda bat uztailetik abuztura aldatzeko baldintzak adostu dituzte, eta udako oporraldiaren ondotik, 4 eguneko lanaldi korridore bat martxan jarriko dute, baina 216 egun baino gehiago lan egingo duen beharginik ez da izango.
Bestalde, lehiakortasun neurriek urteko helburuak betetzeko xedea dute, eta ekoizpen gaitasuna egunean 1.438 autora areagotzea bi fasetan (esleipenaren unean eta azaroaren 4tik aurrera, bi kasuetan txanda bakoitzeko 5 auto).
Gainera, merkaturatzea prestatzeko antolakuntza neurriak adosteko konpromisoa hartu dute akordioan, baita egiturazko eta malgutasun neurriak ere (lan txandak eta atseden aldaketak), ekoizpenak behar duenean.
Akordioak hiru puntu gehiago ditu: lanpostu finkoak sortzea hitzarmenean aurreikusitakoaren gainetik; lantegian hobekuntza teknikoak egitea egunean 1.438 auto ekoitzi ahal izateko; eta oporrak abuztura aldatu ez dituzten langileentzako jardunaldi bat.
Azkenik, Nafarroan hornitzaileen kopurua areagotzeko helburua du akordioak, eta ondorioz, "automobilgintzari lotutako lanpostuak areagotzea".